Abisu horia eta alerta laranja ezarri dituzte, olatu handiengatik eta prezipitazioengatik
Urtarrilaren 29rako eta 30erako (eguena eta barikua) abisu horia eta alerta laranja ezarri ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak. Eguenean, 09:00etatik 21:00etara, abisu horia dago ezarrita, olatu handiengatik. Goizean, olatuak 3,5 metro ingurukoak izango direla aurreratu dute. “Arratsaldean 5 metrotik gorakoak izango dira”. Horrez gain, ipar mendebaldeko hondoko itsasoa egongo da eta horrek ere olatuak handituko ditu. Gutxi gorabehera, olatu batetik besterako tartea 9-11 segundokoa izango da.
21:00etatik aurrera, baina, alerta laranjan egongo da kostaldea, gauerdira arte. Ordu tarte horretan olatuak 6-7 metro artekoak izango direla aurreratu dute. “Olatu batetik besterako tartea 12 segundokoa izango da”.
Barikuan, urtarrilak 30, alerta laranjak bere horretan jarraituko du, egun osoan. “7 metro inguruko olatuak espero dira”.
Bestalde, abisu horia ere eguenetik barikura arte luzatuko da. Eguenean, esaterako, 24 ordutan metro karratuko 60 litro baino gehiago jasotzea aurreikusten da. Prezipitazio zaparrada erara etorriko ez bada ere, etenik gabekoa izango dela azaldu dute. “Egunaren bigarren zatian sarriago eta ugariago egingo du”.
Horrez gain, haize boladak ere 100 kilometro orduko abiadura eduki ahal dutela diote. “Haizeguneetan abisu horia ezarriko da, haize ufadengatik”.
Egueneko eta barikuko eguraldi aurreikuspena antzerakoa izango dela diote.