Eleak taldeko Txerra Bolinagak eta Ibai Iriartek aurkeztu dute
Desobedientzia: elkartasunetik konpromisora dokumentala. Ordu beteko emanaldia izan da, eta Alamedan egin da. Hain justu, ondarrutarrek Alameda bi urte eta erdi atzerago zegoen modura prestatu dute: karpa erraldoi txuriagaz, aulkiekin eta Aske Gunean egon ziren beste hainbat elementurekin. Eta nola ez, auzolana izan da horren guztiaren oinarria. Izan ere, beste behin ere, herritarrek janaria prestatu, aulkiak ipini eta beste hainbat ekintza elkarlanean egin dituzte. Oraingoan, baina, egoera bestelakoa zen.
Libre Asteburuaren baitan,
lehenengo ekintzak izan dira
dokumentalaren aurkezpena eta mahai ingurua.
Ondarroako Libre Asteburuko lehenengo ekintza: dokumentalaren proiekzioa eta mahai ingurua, Alamedan
Txerra Bolinaga izan da lehena mikrofonoa heltzen. Dokumentala grabatzeko ideia nondik sortu zen eta zelan kontatzeaz gain, ekoizpen prozesua bera ere zelakoa izan den azaldu du. Ostean, han bildutako lagunek ikus-entzunezkoa ikusi ahal izan dute.
Ezkerretik eskumara, Asier Alkorta, Maite Bidarte, Axier Lopez, Txerra Bolinaga, Ibai Iriarte eta Ion Telleria.
Ostean mahai ingurua egin da. Horretan,
Maite Bidarte (Info7),
Ion Telleria (Info7 eta Naiz) eta
Axier Lopez (Argia) kazetariek parte hartu dute. Eta Eleak taldeko Txerra Bolinagak eta Ibai Iriartek ere euren ekarpenak egin dituzte.
Asier Alkorta Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko HITZAko kazetariak moderatzaile lanak egin ditu. Besteak beste, mahai inguruko partaideek, Ondarroako
Aske Gunea zer izan zen, kazetarientzako zer suposatu zuen eta horrelako
desobedientzia ekintzetan nola lan egiten duten azaldu dute. Horrez gain, beste hainbat titular ere eman dituzte. Horien artean, azpimarratzekoa izan da Bidartek esandakoa: “Nik uste azken herri harresietan Aske Gunearen filosofia galtzen ari garela; horri eutsi egin behar diogu”. Lopezek filosofia horri eutsi bai baina desobedientziaren aldeko apustua egiten dutenak oraindik ere haratago joan behar direla gaineratu du. “Bosgarren martxa sartu behar da”. Telleriak, azkenik, lehoiaren figura azpimarratu du. “Ekintza hauei esker, herritarrak konturatu dira ardi moduan hazi izan direla baina halako batean lehoi direla konturatu dira. Eta izate horri eutsi behar zaio aurrerantzean ere; indarra hor dago”.
Nahikoa jende bildu da Alamedan ipinitako karpan.
Mahai inguruak beste ordu beteko iraupena eduki du eta giro onean egin da. Parte hartzaileek, gainera, duela bi urte eta erdi atzerago bizitako bitxikeriak ere kontatu dituzte.