Iñaki Maruri aktore ondarrutarrak parte hartzen duten
La viuda alegre opereta Madrilgo Teatros del Canalen estreinatuko dute hilaren 18an. Ikuskizuna maiatzaren erdialdera estreinatu zuten Bilbon eta «arrera ona» eduki zuela diote partaideek. Natalia Millan aktore ospetsua buru dela, orain, opereta Espainiako hiruburura ailegatuko da. Madrilen, gainera, Marurik, aktore protagonista baten papera beteko du.

‘La viuda alegre’ operetaren une bat. E. Moreno Esquibel
«
Bilbon estreinatu zen momentutik genekien gerora ikuskizuna Madrilera eroango zutela», azaldu du Marurik. Dena dela, Madrilen ariko den taldea ez dela Bilbon aritu zen berdin-berdina izango gaineratu du. «Aktore batzuek ezin zuten, beraz, aldaketa gutxi batzuk egin dira. Baina ikuskizuna berdina da; pare bat koreografia kenduta, ezer gutxi aldatu da».
Protagonisten artean
Aldaketa horien artean dago ondarrutarrak beteko duen papera ere. Izan ere, koruak egin eta dantzari papera betetzetik protagonista baten papera betetzera pasatuko da Maruri Madrilen. «Bilboko saioak egin eta gero, aktore protagonista batek ezin zuenez jarraitu, berak antzezten zuen pertsonaia egingo nuen galdetu zidaten. Eta nik baietz esan nuen. Oso pozik nago. Izan ere, Madril erakusleiho ona da». Dena dela, orain, ardura gehiago duela dio. «Aurrerapauso handia da niretzat, baina ardura ere handiagoa da, eta ondorioz, entsegu asko egiten ari naiz».
Datorren asteko barikuan estreinatuko dute opereta Espainiako hiruburuan eta lehenengo hiru egunetarako sarrera guztiak agortuta daudela aurreratu du aktore ondarrutarrak. «Horrelako ikuskizunek arrera ona izaten dute Madrilen, eta aurreikuspenen arabera, ondo funtzionatuko du».

‘La viuda alegre’ operetaren kartela.
Aurrera begira
Madrilen urtarrilaren erdialdera arte egongo dira. Eta emanaldiak zein egunetan eta zein ordutan dauden ikusgai daude
Teatros del Canalen webgunean; sarrerak ere salgai daude.
Behin Madrilgoa amaitzen dutenean,
La viuda alegre Iruñeara eroango dute. «Baluarten bi emanaldi eskainiko ditugu, urtarrilaren 22an eta 23an». Eta horrekin, momentuz, amaitu egingo dute. «Litekeena da gerora, beste hiriren batera mugitzea, baina hori aurrerago izango litzateke».
Orokorrean, talde ona osatzen dutela dio ondarrutarrak. «Gogor entsegatzen dugu eta pozik gaude guztiok». Etenik gabeko entseguetan murgilduta, estreinaldira begira daude orain bertoko artistak.
Fitxa artistikoa
- Zuzendaria. Emilio Sagi.
- Aktoreak. Natalia Millan(Hanna Glawari), Antonio Torres (Conde Danilo), Silvia Luchetti (Valencienne), Guido Balzaretti (Camille), Iñaki Maruri (Njegus) eta David Rubiera (Baron Mirko Zeta).
- Dantzariak eta koruak. Mitxel Santamarina, Begoña Alvarez, Ylenia Baglieto, Sandra Fernandez Aguirre, Cristina Arias, Elsa Alvaro, Ana Sagastizabal, Lara Sagastizabal, Carmen Angulo, Jesus Garcia, Rafa Higuera, Antonio Hurtado, Luis Romero, Alberto Sanchez, Alberto Echevarria eta Daniel Morillo.
- Produkzioa. Bilboko Arriaga antzokia.
- Eszenografia. Daniel Bianco.