Cikautxo kooperatibak Ondarrroa Arraun Elkartea, Lekeitioko Isuntza Arraun Elkartea eta bi elkarteek elkarlanean atera duten nesken trainerua diruz lagunduko ditu. Kooperatibak atzo sinatu zituen hiru urterako hitzarmenak bi arraun elkarteekin. Arraun elkarteetako presidenteak pozik daude. «Bi arraun elkarteentzako hitzarmena zoragarria da, ezin sinistekoa. Gainera, Lea-Artibaiko enpresa bat izanda, are pozgarriagoa da. Horrek erakusten du Cikautxo eskualdeagaz konprometituta dagoela», dio Santi Zumaran Isuntza Arraun Elkartearen presidenteak.
Hitzarmena historikoa izan da, eta kooperatiba bere hurreratu zen bi arraun elkarteengana. Aurten, Cikautxo hobeto dabilen urtea izanda, zer edo zer ezberdina egin behar zutela bururatu zitzaien kooperatibaren kideei. Eta ingurukoei laguntza emate aldera, alor ezberdinak ikutu nahi izan dituztela azaldu dute. Kirol munduari ekarpena egiterakoan, baina, eskualdearen adierazgarri zen kirol modalitate bati laguntza eman nahi izan diotela esan dute. «Bakarrik talde bati laguntza ematen bagenion, bestea baztertu egiten genuen. Beraz, Ondarroako elkartea, Isuntzaren Lekittarra eta horiek elkarlanean sortu duten nesken taldea laguntzea pentsatu genuen, hori ere ekintza polita iruditu zaigu eta».

Ezkerretik eskumara, Elordi, Juaristi eta Zumaran.
Bi arraun elkarteetako presidenteek bat egin dute kooperatibak eurekiko hartutako konpromisoa «oxigenoa» izan dela esatean.
Nesken taldea. Nesken taldeari dagokionez, bai Isuntzak eta baita Ondarroak ere nesken taldea ateratzeko zailtasunak zituztela aitortu dute. «Duela bi edo hiru urte nesken taldea ateratzeko nahian ibili ginen, baina ez genuen lortu. Aurten, bai guk eta baita Isuntzak ere nork bere aldetik taldea ateratzeko arazoak genituen. Beraz, taldea osatzeko kanpora jo beharrean, izaera nahiko antzekoa daukagula kontuan hartuta, elkarlanean taldea osatzea erabaki genuen», azaldu du Gorka Elordi Ondarroa Arraun Elkartearen presidenteak.
Nesken taldeak Lea-Artibai izena dauka, eta horren kostua oso-osorik ordainduko du Cikautxok. Hala, talde horren traineruak Cikautxo Lea-Artibai izena edukiko du.
Hitzarmenak tarteko, bi arraun elkarteek Cikautxoren izena han eta hemen zabalduko dute. «Elkarte bakoitzagaz sinatutako akordioak ezberdinak dira, baina oinarrian helburu bera daukate». Dena dela, horiek guztiak aurrerago zehaztuko dituzte. Adibide bat ematearren, Ondarroako Bandera 33. Ondarroako Bandera Cikautxo Saria izango da aurten.
Cikautxok eskualdeko arraun taldeekiko hartutako konpromisoa beste maila batekoa bada ere, ez da estreinako aldia kooperatibak eskualdeko taldeei laguntza ematen diena. «Nahiz eta asko ez ikusi, Cikautxok talde txiki askori laguntza txikiak ematen dizkie».