Mutrikuko San Jeronimo jaiak, auzotarrek auzotarrentzako prestatutako jaiak
[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Meza amaitu ostean, auzoa jendez betetzen hasi zen. Herri kirol erakustaldiak urtero batzen du jendea, eta aurten ere ez da gutxiago izan. Auzotarrek bi taldetan banatuta egin zituzten herri kirolak: Artzain taldea eta Mijoa taldea. 200 kiloko harria arrastaka eraman eta zeinek untza gehien egin, 100 kiloko harria jasotzen aritu, trontza moztu eta sokatiran egin zuten. Giro polita bizi izan zen, eta talde batek edo besteak irabazi zuen edo ez erabakitzerakoan, antolatzaileek erabaki zuten bi taldeak izatea garaileak. Izan ere, San Jeronimo jaiak zer edo zer badira, auzotarrek auzotarrentzako egindako jaiak dira, non jai giroa eta elkarlana denaren gainetik dauden.[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Arratsaldean umeentzako pailazo ikuskizuna eta Ibiriren abereak egon ziren. Gaueko kontzertuen ostean (Hara! eta Joxpa talde ondarrutarrak), jaiak domekan jarraitu zuen. Domekan, hain zuzen ere, auzoko txikienak izan ziren protagonistak: herri kirol ezberdinetan parte hartu zuten, eta auzoan bildutakoen animoak jaso zituzten. Ostean zozketa egin zuten, eta ondokoak izan ziren zenbaki sarituak: 1019 (1. zenbaki saritua; ordezkoa 9547) eta 8491 (2. zenbaki saritua; ordezkoa 3116).