2017ko maiatzaren 26tik martxan zegoen udal beharginen lan poltsa eratzeko prozesua eten eta berri bat abiaraztea erabaki du Lekeitioko Udalak. Azaldu dutenez,
oinarri berriak zehaztu eta deialdia zabaltzeko erabakia hartu zuten joan den barikuan [abenduak 15] egin zuten azken Tokiko Gobernu Batzarrean.
2017ko maiatzaren 26an, peoi, kale garbitzaile, eraikin garbitasuneko behargin, kontserje eta azoka arduradunen lan poltsa eratzeko oinarriak onartu zituzten, eta lehen proba praktikoa 2017ko
abenduaren 11n burutu zen. Baina, proba horretan emandako
akatsak zirela eta, azterketak ez zuzentzeko eta prozesua bertan behera uzteko erabakia hartu zuen alkateak abenduaren 12an. Horrez gain, prozesu berri bati hasiera ematea erabaki zuen: “Prozesu osoaren onerako: gardentasuna, berdintasuna eta ziurtasuna bermatzeko”.

Bertan behera utzitako prozesuan aurkeztutako eskabideak eta gainontzeko dokumentazioak prozesu berrirako ere balioa izango dutela argitu dute, eta aurrekoan eskaria egin zutenak automatikoki onartuak izango direla azaldu dute, kontrakorik agertzen ez badute.
Udal beharginen lan poltsen eraketaren prozesu berrirako eskaerak egiteko epea
bihar [abenduak 20] hasi eta
urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik, azken egun hori ere barne. Zehaztu dutenez, aurreko prozesuan parte hartu zutenek eskariak osatu ahalko dituzte epe horren baitan, dokumentazio gehigarria erantsita.
“Aurreko prozesuan aurkeztu direnei sortutako kalteengatik barkamenak eskatu nahi diegu Lekeitioko Udal Gobernutik”.
HONEKIN LOTUTA: Gai honen inguruan Lekeitioko EH Bilduk egindako salaketa