Datorren astelehenetik aurrera [urtarrilak 14] herritarrei zuzendutako zerbitzu berria eskainiko du Markina-Xemeingo Udalak.
Herritarren Arreta Zerbitzuak (HAZ) Markina-Xemeingo biztanleen eta udalaren arteko harremanetarako erreferentziazko puntua izatea du helburu, udalarekin lotutako tramiteak gauzatzeko, dokumentazioa aurkezteko edota informazioa jasotzeko. HAZ bulegoa udaletxeko beheko solairuan kokatuta egongo da, eta herritarrek bertan egin ahal izango dituzte udalagaz lotutako tramiteak eta kontsultak.
«Udal administrazioa modernizatzeko eta hau herritarrei hurbiltzeko asmotan sortu da HAZ, herritarrei zerbitzu pertsonalizatua, eraginkorra eta erosoa eskainiz, tramiteak leku bakar batean zentralizatuz eta udaletxeko barruko joan-etorriak sahiestuz», azaldu dute.
Era askotako tramiteak egin ahal izango dituzte herritarrek bulego berrian: biztanleen errolda: altak, datu aldaketak, ziurtagiriak; lizentzia eta baimenak: obra eskaerak aurkeztu eta baimenak jaso; tasak eta zergak ordaindu; ordainagiriak helbideratu; diru-laguntza eskaerak aurkeztu; udal material eta instalazioak erreserbatu; hilerria: zerbitzuen eskaerak eta ordainketak egin; hitzorduak lotu alkate edo udal teknikariekin; izen-emateak orotariko ekintza eta lehiaketetan; hondakinak biltzeko sistema: txartel eta materialen eskaerak; bestelako orotariko eskaerak: ortu publikoa eskatzea, merkatuan postua jartzea, animalia arriskutsuak erregistratzea, ezkontza zibila udaletxean egitea, dokumentuak konpultsatzea; edozein tramiteri buruzko kontsultak.
Bide ezberdinak. Herritarren Arreta Zerbitzuaren zerbitzua jasotzeko bide ezberdinak edukiko dituzte herritarrek: udaletxeko beheko solairuko bulegora joanda, telefonoz 94-616 74 54 telefono zenbakira deituta,
udala@markina-xemein.eus helbide elektronikora idatzita edota telematikoki
Markina-Xemeingo Udalaren webgunearen bidez. Aurrez-aurreko arretari dagokionez, aurrerantzean bulegoak
ordutegi zabalagoa izango duela jakitera eman dute; astelehenetik barikura
08:15etik 14:30era egongo da zabalik.