Pedro Zenigaonaindia Badiola da Mendexako EAJ-ren alkategaia
Bizkai Buru Batzarrek gaur [urtarrilak 10] jakitera eman du Pedro Zenigaonaindia Badiola izango dela Mendexako EAJren zerrendaburua; Mendexako EAJko kideek aukeratu dute zein izango den alkategaia. Azken zortzi urteetan Jesus Mari Anakabe Txakartegi jeltzalea izan da herriko alkatea. Orain, baina, Zenigaonaindiak erreleboa hartuko dio.
Zenigaonaindiak esan du alkate izango balitz, Anakabek orain arte egindako bidea jarraituko lukeela.”Jesus Anakabe alkateak berak eta bere lantaldeak eginiko lana abiapuntu ezinhobea da Mendexa aurrera eramaten jarraitzeko. Ahalegin handia eginez eta ideia berriekin Mendexak aurrera egitea lortuko dugu; bizimodu onari eta herritarren ongizateari eutsiko diogu”.
Aurrera begira dituzte proiektuak zehazteko goizegi dela badiote ere, jeltzaleak dio Karraspio hondartza ahalik eta egoera onenean egotea nahi dutela, “baita aparkalekuak ere”. Dena dela, agintaldiko bi lehentasun hirigintza plan berri bat eta landa guneetarako beste plan bat egitea izango direla aurreratu du. “Gimnasioa eta tirolina mantentzeko lanak ere egingo ditugu”.
Herriko bideak zaintzea ere garrantzitsua dela dio, “bisitariak erakartzen laguntzen dutelako”. Hirigintza plan berria oinarri hartuta, gainera, etxebizitza berriak eraikitzea ere euren asmoetako bat dela dio. “Horrela, gure herriko gazteak Mendexan biziko dira, eta aldi berean, gazteentzako zerbitzuak eta prestazioak gehitu ahal izango dira, herrien bizimodurako horren garrantzitsu diren gazteei lagunduz”.
Zenigaonaindiak 65 urte ditu, ezkonduta dago eta bi alaba eta seme bat ditu. Merkataritza ontzietako kapitaina izan da, eta irakurtzea du gustuko, “bereziki itsasoko gaiei buruzko liburuak”. Mendexari dagokionez, herri lasaia dela eta itsasoak eta mendiek modu paregabean bat egiten duen paisaia ikusgarriak dituela dio.