Domekan [urtarrilak 13] emango dituzte lehen pilotakadak XIV. Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketako pilotariek. Urtarrilaren 6an amaitu zen izena emateko epea, eta aurten, sei bikoteren arteko norgehiagokagaz gozatu ahal izango dute pilotazaleek
Lekeitioko trinketean.
2018ko Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketako partaide eta epaileak. Argazkia: Akarregi Pilota Taldea
Urteroko pilotariak eta berriak ere hartuko ditu aurtengo txapelketak. Hurrengoak izango dira zein baino zein gehiago ariko diren bikoteak:
- Beraza (Elgoibar) eta Telleria (Mallabia). Telleria azken hiru urteetako txapelduna da.
- Bastida (Deba) eta Conde (Elgoibar). Condek azken bi urteetako txapelketak irabazi ditu.
- Astigarraga (Deba) eta Gandiaga II (Berriatua).
- Moral (Lekeitio) eta Egaña (Mendaro).
- Gandiaga (Berriatua) eta Pradera (Mallabia).
- Jaunarena (Ganzaron, Nafarroa) eta Foster (Lekeitio).
Norgehiagokako gazteena, 40 urtegaz, Iban Gandiaga berriatuarra dela jakitera eman dute antolatzaileek. Nagusiena, aldiz, 65 urte dituen Astigarraga. Biak elkarrekin jokatuko dute bikotean.
Bestalde, urteroko partaide batzuk huts egingo dute lesioak direla eta. Horien artean daude Arrate, Etxebarria eta Kaltzakorta adibidez. Aurtengo txapelketa
orekatu-orekatua izatea espero dute antolatzaileek.
Lehen jardunaldia. Hiru partida egongo dira jokoan lehenengo jardunaldian.
09:30ean hasiko da lehen partidua Astigarraga-Gandiaga II eta Moral-Egaña bikoteen artean;
10:15etik aurrera, Beraza-Telleria eta Bastida-Conde bikoteak neurtuko dira, eta azkenik,
11:00etan Jaunarena-Foster eta Pradera-Gandiaga I aurkituko dira aurrez aurre.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, otsailaren 10ean erabakita geratuko da ligaxkako sailkapena, eta lehen gelditzen diren laurak finalaurrekoetara igaroko dira. “Txapelketa honetan tanteadorak ez dauka zerikusirik, horregaitik joko polita eta bizia ikusteko aukera egoten da”.