Ondarroako Ernaik dio eurek eraitsi dutela monumentu frankista
Ezker Abertzaleko gazte antolakundeak ohar baten bidez jakitera eman duenez, euren gain hartu dute domekan Ondarroako Arta musturreko begiratokian dagoen monumentu frankistaren aurka egindako ekintza. "Monumentua herriko zati garrantzitsua izan da, gazteok antolatu eta bota dugun arte".
Ezker Abertzaleko gazte antolakundeak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Ondarroako gazteek ez dute herrian ikur frankistarik nahi. Hori dela eta, euren gain hartu dute domekan [urtarrilak 13] Ondarroako Arta musturreko begiratokian dagoen monumentu frankistaren aurka egindako ekintza.
1958an eraikitako monumentuak 36ko gerran Baleares gerra ontzi frankistan hildako ondarrutarren izenak jasotzen zituen, bertan borrokatu zuten ondarrutar frankistak goraipatze aldera. “Beste behin ere, irabazleen gorazarrea eginez; gure herriko frankista eta konplize guztien onerako. Monumentua herriko zati garrantzitsua izan da, gazteok antolatu eta bota dugun arte”.
Ondarroako Ernaiko kideek gaineratu dutenez, faxismoa garaituko duten belaunaldia dira: “Euskal herritar, emakume, gudari eta langile guztien izenean frankismoa sustengatzen duten konplize guztien aurrean lerratzen gara. Beste behin ere frankismoaren zein faxismoaren aurkako borrokan berresten garelarik ekintza geure eginez”.
Agertu dutenez, Espainiako erregimen frankistaren funtsezko zatia dira espainiar orografia guztian zehar sakabanaturik aurki daitezkeen monumentu frankistak; besteak beste, golpisten izeneko kaleak, Francoren hilerria edo Ondarroako monumentu frnakista. “Monumentu frankista hauek espainiar erregimenean bizirik dirauen galtzaile eta irabazleen arteko dikotomiaren erakusle dira. Beti ere, faxismoaren goraipamen irmoa egiten dutelarik”.