Ondarroako Nasa kalearen mozketak aldaketak eragingo ditu zirkulazioan
Nasa kaleko 3tik 19rako tartean lurra konpondu eta asfaltatzeko lanak egingo dituzte urtarrilaren 21etik otsailaren 3ra. Udal iturriek jakitera eman dutenez, tarte hori zirkulazioari guztiz itxita egongo da, eta hori dela, hainbat zirkulazio aldaketa egingo dituzte.
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, Nasa kaleko lurra konpondu eta asfaltatzeko lanak astelehenean [urtarrilak 21] hasiko dituzte. Lanek zazpi bat aste iraungo dute, martxoaren 3an amaitzea aurreikusten dute, eta udal iturriek azpimarratu dutenez, denbora tarte horretan zirkulazioa berbideratu beharko dute.
Zehatz esanda, Nasa kaleko 3tik 19rako tartean (Kantoipeko bihurgunera arte) egingo dituzte lanak. Tarte hori zirkulazioari guztiz itxita egongo da. Oinezkoentzako pasabidea egongo dela bakarrik iragarri dute. “Losa biak libre egongo dira”.
Lanek, bestelakoan, zirkulazioan nahikoa aldaketa eragingo dituzte. Erribera kaleko 9tik 17rako tartea (Zubi Barritik Zubi Zaharrerako tartea), esaterako, norantza biko bidea duen karga-deskarga gunea izango da; bestelako ibilgailuek Zubi Barritik irten beharko dute. “Bidea amaitzen dela jartzen duen kartel bat ipiniko dugu”.
Kantoipe kalera, Kafe Atzera, Musika Plazara, Alamedara… joan nahi dutenek, berriz, Artabidetik sartu beharko dute; Mojetako plazaren paretik, hain zuzen. Mojetako plazatik Alamedarako tartea semaforo bidez kontrolatuta egongo da, norantza biko bidea bihurtuz. Alamedatik Musika Plazara arteko eta udaltzainen parera arteko tartea ere norantzako biko bidea izango da. Udaltzainen partetik Kantoipeko bihurgunerako tartea, ostera, norantza bakarrekoa. “Hortik doazenek Kafeko Atzetik joan beharko dute, nahitaez”.
Lanek irauten duten tartean, eta ahal den neurrian, ibilgailuen erabilera saihesteko eskatu dute udal ordezkariek. “Autoa beharrezkoa den kasuetan edo larrialdi kasuetan erabili, mesedez”. Egun horietan Astillerun edo portuan aparkatzeko gomendioa egin dute, eta gero, oinez joan Alde Zaharrera, ahalik eta arazo gutxien edukitzeko.
62.179 euroko aurrekontua. Komertzio gune garrantzitsua izatean, bertako merkatariei “beharrezko informazio guztia ematean saiatzen ari direla” agertu dute udal ordezkariek.
Bizilagun eta merkatariek aspalditik egin zuten kalea konpontzeko eskaria, eta udalak 62.179 euroko aurrekontua onartu zuen.