Sanantonetarako prest daude Barinagan
San Anton jaiak ospatuko dituzte Markina-Xemeingo Barinaga auzoan. Kirol, joko eta lagunarteko otorduak izango dira nagusi jaiak iraungo duten lau egunetan.
Neguko hotzari jai giro beroagaz egingo diote aurre, urtero legez, Barinagan. Horretarako ekintzaz bete dute San Anton jaietako egitaraua. Kirol, joko eta lagunarteko otorduak izango dira nagusi jaiak iraungo duten lau egunetan.
Eguenean, San Anton egunez, hasiko dira aurtengo ospakizunak eta jubilatuak izango dira jaiagaz gozatzen lehenengoak. Iturritxu elkartean bazkalduko dute Irantzu Larrinaga Kontzeju Zaharra tabernako nagusiak prestatuko dien jana. Jubilatuen bazkarian parte hartu nahi dutenek, eguaztenean [urtarrilak 16] izango dute txartelak erosteko azken aukera. Baskaran estankoan eta Kontzeju Zaharra tabernan dauzkate txartelak.
Establezimendu bi horietan eskuratu daitezke bai eta ere aurtengo zapatuko [urtarrilak 19] Bertso Afarirako txartelak ere. Barinagako Jai Batzordekoek argitu dutenez barikura arte [urtarrilak 18] erosi ahalko dira. Giro ona nabarmena izaten da urtero Bertso Afarian. Nerea Ibarzabal Salegi bertsolari markina-xemeindarrak eta Andoni Egaña Makazaga bertsolari zarauztarrak ipiniko diote doinua afariari. Ostean, dantzarako aukera ere egongo da Laja II eta Lutxurdixo trikitilariekin. Goizaldera arte eusten dutenek, gainera, berekatz zopa edukiko dute zapatuko jaia amaitzeko. Goxo-goxo afaltzeko, bestalde, berogailua ere egongo dela jakinarazi dute Barinagako jai batzordekoek.
Norgehiagokak. Kirolerako eta jokorako tartea ere egongo da Barinagako sanantonetan. Pilota partiduak eta Barinagako Frontoi Txikiko buruz buruko V. Pala Txapelketako finala jokatuko dira barikuan. Atzo [urtarrilak 14] jokatu zituzten finalaurrekoetan erabakita geratu ziren Pala Txapelketako finalistak. Bi finalaurreko jokatu ziren: Meabe eta Razkinen artekoa alde batetik, eta Aldaolea eta Bereuren artekoa, bestetik. 7-18 eta 12-18 nagusitu zen Meabe lehenengoan, eta beraz, bera izango da finalistetako bat. Bigarren finalaurrekoan, berriz, 18-14 eta 18-15 irabazi zuen Aldaoleak, eta finalean egongo da bera ere.
Kirol hitzordu garrantzitsua izango da zapatuan [urtarrilak 19] hirugarren urtez lehiatuko den Kalamua-Barinaga Jaitsiera. Gainera, iaz bezala Euskal Mendizale Federazioaren Zirkuituko lehen lasterketa puntuagarria izango da. Apurka-apurka parte hartzeko izenak ematen ari dira kirolariak, eta iazko kopurura heltzea dute helburu antolatzaileek. Bihar [urtarrilak 16] gauera arte egongo da zabalik izena emateko aukera Herrikrosa webgunean.
10:30ean abiatuko dira Kalamuarantz parte hartzaile guztiak, eta 12.00etan hasiko dute lasterketa. Guztira hiru sari egongo dira lehenengo neska zein mutilentzat:
- 100 euro eta Txotxiki bik emandako txapela
- 75 euro eta Baskaran gazta
- 50 euro eta Meabeko kopeta bat.
Gainera, errekor berria lortzen duenak 50 euroko gainsaria jasoko du. Joseba Plazak eta Mayi Mujikak ezarri zituzten errekor berriak iaz, eta beraz, horiek hausten saiatuko dira aurtengo parte hartzaileak. Plazak 00.11.13ko denboran amaitu zuen 3,8 kilometroko mendi ibilbidea eta Mujikak 00.13.54ko denboran.
[ARGAZKI GALERIA] II. KALAMUA-BARINAGA JAITSIERA
Briska eta Bolo Txapelketak osatuko dute zapatuko kirol aukera. Lehenengo Iturritxu elkartean jokatuko da 16:30ean, eta bertan eman beharko dute izena parte hartu nahi dutenek 10 euroren truke. Ordu berean hasiko dira sanantonetako Bola Joko Txapelketako aurre tiraldiak, eta 17:30etik aurrera jarriko dute bola jokoan. Barinagako Jai batzordeak eta MX3T taldeak elkarlanean antolatutako txapelketan lehen gelditzen diren lau bolari onenek eramango dituzte Bola Joko Txapelketako sariak:
- 80 euro eta Plaza Anaiek emandako txapelak
- 60 euro eta Santa Mañeko gazta
- 40 euro eta Meabeko kopeta
- 20 euro eta ardo botila.
Ibilaldia. Azken urteetan egin duten modura, domekarako [urtarrilak 20] Barinaga Ezagutuz ibilaldia antolatu du jai batzordeak auzoko inguruetan zehar. Estreineko bider bi ibilaldi egongo dira aurten aukeran: 13,2 kilometroko ibilaldi luzea eta 6,9 kilometroko laburra.
09:30etan abiatuko dira luzeko ibiltariak. Barinagatik Barinagarainoko bidea osatuko dute Urko eta Kalamua mendien inguruetatik igarota. Ibilbide laburreko partaideak, berriz, 10:30ean daukate irteera ordua ezarrita. Autobusez joango dira lehenengo Isuaraino, eta handik Barinagarainoko bidea bete beharko dute.
Ibilaldiak amaitutakoan guztientzako hamaiketakoa egongo dela zehaztu dute antolatzaileek.