8,4 milioi euroko aurrekontua onartu du Lekeitioko Udalak
Gutxi gorabehera aurrekontuaren %9 bideratuko dute inbertsioen atalera. Santa Katalina pasealekua amaitzea izango da inbertsioen ataleko proiektu nagusienetako bat.
Alde zaharra. Iaz baino 142.810 euro gehiago izango ditu Lekeitioko Udalak 2019an herriaren kudeaketarako. 8.437.488 euroko aurrekontua edukiko du hain zuzen. 2018ko abenduko osoko bilkuran eman zioten onespena EAJren aldeko botuekin, EH Bilduk kontran bozkatu zuen.
Azaldu dutenez, aurtengo aurrekontuaren lehentasunak lau izango dira: Udal Gobernuak hartutako konpromisoak betetzea; udal eraikinak baldintza egokietan eta hobetzeko inbertsioak egiten jarraitzea; herria irisgarriagoa egitea, arazoak sortzen dituzten guneei irtenbidea ematea eta kaleetan hobekuntza lanak burutzea eta hezkuntza arloan inbertsioak egiten jarraitzea. “Eskolan eta Iturriotzen inbertsioak, musika eskolan inbertsioak, ikastola eta eskolako ekarpenei igoerak…”.
Gutxi gorabehera aurrekontuaren %9 bideratuko dute inbertsioen atalera, guztira 720.834 euro. Santa Katalina pasealekua amaitzea izango da inbertsioen ataleko proiektu nagusienetako bat. Goitik datorren losagaz lotuko dute pasealekua. Koldo Goitia Lekeitioko alkateak azaldu duenez, bi zatitan gauzatuko dituzte lanak. “Maiatzera orduko amaitu nahi dugu lehenengo zatia. Aurten Lekeition ospatuko den Ibilaldiko gune bat Santa Katalinan egongo denez, ordurako ingurua garbi egotea nahiko genuke”. Ekainean edo uda ondoren hasiko dute, bestalde, bigarren zatia. Santa Katalina Pasealekuaren IV. Faserako 120.000 euro aurreikusi dituzte.
Musika Eskolaren bigarren faseak ere inbertsioetarako aurrekontuaren zati handi bat eramango du. Eskolak amaitutakoan egin nahi dituzte obrak, uztailean, abuztuan eta irailean. Gaztegunea egokitzen jarraituko dute Musika Eskola eta Gaztegunea egokitzeko. 135.000 euro gorde dituzte obretarako.
Herriko kirol instalakuntzetan hobekuntzak egiteko, berriz, 100.000 euroko aurrekontua izango dute. Isuntza Arraun Elkarteko emakumeen jantzigelak eraldatu, kiroldegirako makinak erosi, trinketeko frontoian aireztatze sistema ezarri eta atletismo pistari tartan zati bat gehituko diote.
11 ekarpen egin dizkiote herritarrek 2019ko udal aurrekontuei, iaz baino lau gehiago
Aurrekontuan 90.000 euro aurreikusi dituzte Eskola Publikoko berrikuntza lanekin jarraitzeko. Ebakuazio eta segurtasun neurrietan hobekuntzak egiten jarraituko dutela zehaztu du alkateak. Koloreetako eraikineko terrazak ere garbituko dituzte.
Udalak 50.834 euroko inbertsioa egingo du Merkatu Plaza konpontzen jarraitzeko. Iaz Merkatu Plazako saneamenduan konponketak egin zituzten, eta aurten postuen teilatuak eraberrituko dituzte. “Leihoak berritu eta ate automatikoa ere jarriko dugu sarrera nagusian”.
Mendieta Ontziola eta Abaroa jauregia berreskuratzeko eta HAPOagaz aurrera jarraitzeko partida bat ere gorde dute. 30.000 euro edukiko ditu egitasmo bakoitzak. Herriko argiteria berrizten segitzeko, bestalde, 22.000 euro edukiko dituzte. “Artolaba eta Tortola kale inguru hori falta da esleitzeko, eta horregaz alde zahar guztia geldituko da prest argiteria egokitzeko. Led sistema berria jarriko da farola guztietan”.
Proiektu berriak egiten joateko asmoa ere erakutsi du Goitiak. Eliz Ateako gasolindegirako proiektua eta AEKko lokala egiteko proiektua idazteko aurrekontu bat gorde dutela aurreratu du.
Ekarpenak. Udal gobernuak azaroan aurkeztutako aurrekontu proposamena bere horretan mantendu da, nahiz eta herritarren ekarpen batzuk barneratu dituzten. Izan ere, azken urteetan egin duten modura, herritarren ekarpenak, iritziak eta proposamenak jasotzeko parte hartze prozesua zabaldu zuen udalak. Lehenengo buelta urriaren 1etik 26ra bitartean egin zen, eta epealdi horretan zazpi ekarpen egon zirela jakitera eman dute. Bigarren buelta, berriz, abenduaren 1etik 14ra zabaldu zuten, eta lau ekarpen egon ziren. Beraz, guztira, 11 ekarpen egin dizkiote herritarrek 2019ko udal aurrekontuei, iaz baino lau gehiago. “Ekarpen gehienak ontzat hartu dira eta aurrekontuan barneratu dira, beste batzuk, urtean zehar aurrekontuen betetzeak aukera ematen badu, gauzatu ahalko dira eta azkenik epe luzerako proiektuak diren ekarpenak aztertu eta aurrera eramateko proposamenak dira, hurrengo urteetan martxan jartzekoak izan daitezkeenak eta beraz Udal Gobernuak kontuan izango dituenak”, azaldu dute.
Lekeitioko EH Bilduk ere egin zuen aurrekontuetarako proposamen bat. Koalizioak inbertsioetara bideratzen den diru guztiaren %15a Maderas de Lekeitio herriratzeko partidara bideratzea proposatu zuen, Udalak, baina, proposamenari ezezkoa eman zion. Hori dela eta, aurrekontuen kontra bozkatzea erabaki zutela azaldu du EH Bilduk.