Aitor Irustak etxekoen aurrean hitzordu berezia dauka bihar
Titin III- Merino II eta Santxo-Irusta bikoteen arteko partidua hartuko du Munitibarko frontoiak.
Garfe pilota enpresagaz akordioa lortu eta gero, talde berriagaz bere sorterrian debutatuko du Aitor Irusta Olanok..
Santxogaz bikotea osatuta, Titin IIIaren eta Merino IIaren kontra lehiatuko dira. Aurretik, baina, lau t’erdiko buruz buruko partidua jokatuko dute Urbietak eta Urionak.
Aspegaz birritan jokatu zuen etxekoen aurrean, eta oraingo honetan ere frontoiak “itxura ona hartu”, pilotariek ondo jokatuta, frontoian giro ona jartzea esperto du munitibartarrak: “Ea maila ona ematen dugun, eta irabazten badugu, hobeto”.
22:00etan hasiko da pilota jaialdia. Sarrerak 10 eurotan jarri dituzte, eta aldez aurretik Munitibarko tabernetan erosi ahal dira. Txarteldegian ere prezio berean eskuratu ahalko dira.
Garfe pelota enpresak tokiko telebistekin daukan akordioaren ondorioz, bihar gaueko partidua TeleBilbao, Navarra Televisión, Cyltv. Castilla y Leon Televisión eta Popular TV La Rioja telebista kateetan emango dute. Bestalde, frontoian berogailu sistema jarriko dutela jakitera eman dute.