Espainiako martxa txapelketarako sailkapena lortu dute Markina-Xemeingo eta Lekeitioko atletek
Portugaleten lehiatu zen 18 azpikoen kategoriako Euskadiko eta Bizkaiko txapelketan lehen eta bigarren geratu ziren Saioa Telleria (Durango Kirol Taldea) eta Aiora Gogenola (Tximista).
Otsailaren 10ean El Vendrellen (Tarragona) lehiatuko den Espainiako Martxa Txapelketarako sailkatu dira Durango Kirol Taldeko Saioa Telleria Egia markina-xemeindarra eta Lekeitioko Tximista taldeko June Markes eta Aiora Gogenola. Telleria Bizkaiko eta Euskadiko irabazlea izan zen joan den domekan Portugaleten lehiatu zen 18 azpikoen kategoriko 10 kilometroko martxan. Bigarren postua Aiora Gogenola lekeitiarrak eskuratu zuen. 16 azpikoen kategoriako 5 kilometroko martxan aritu zen berriz, June Markes.
1.02.09 denboran osatu zituen 10 kilometroak Telleriak eta 1.04.02 denbora lortu zuen Gogenolak, June Markesek 32.59ko denbora lortu zuen. Gutxieneko horiekin Espainiako autonomien arteko txapelketara joateko aukera irabazi dute; Euskadiko Selekzioagaz egongo dira bertan.
Juan Ignacio Sanpedro Durango Kirol taldeko arduradunak azaldu duenez, Saioa Telleria aurten igaro da 18 azpikoen kategoriara, eta 10 kilometroko proba egiten zuen lehenengo aldia izan zen Portugaletekoa. “Orain arte 3 eta 5 kilometroko probak egin ditu eta gure asmoa aurten 5 kilometroko martxak egitea izango da”. Hala ere, distantzia hori probatu eta zelan eusten zion frogatu nahi izan zuten, eta Markina-Xemeingo kirolaria “oso ondo” moldatu zela nabarmendu du. Espainiako banakako norgehiagokara sailkatzeko ere 9 segundotara geratu zen Telleria.
Espainiako txapelketa igarota hurrengo erronka garrantzitsuak maiatzean edukiko dituzte ibiltariek.