Hirugarren puntuak ihes egin die Aretxabaletari eta Lasori
Partida garrantzitsua jokatu zuten atzo Mungian sailkapeneko azken bikote biek, eta Ezkurdia-Ladis Galarza bikoteak eskuratu zuen hirugarren puntua.
Atzo [urtarrilak 18], berriz ere, Binakako Txapelketako ligaxkako puntuak ihes egin zien Aretxabaleta eta Urrutikoetxearen ordez aritu zen Lasori. Partida garrantzitsua jokatu zuten atzo Mungian sailkapeneko azken bikote biek, eta Ezkurdia-Ladis Galarza bikoteak eskuratu zuen hirugarren puntua. 22-18 irabazi zieten Laso eta Andoni Aretxabaletari.
Urdinak jarri ziren aurretik partidaren lehen zatian 4-11, eta markagailuan aurrera joan ziren txukun jokatuta. Baina partidaren erditik aurrera gauzak aldatu egin ziren Laso eta Aretxabaletarentzat. Urdinak huts egiten hasi ziren eta gorriek aukerak aprobetxatu eta parean jarri ziren. Hamazazpira berdindu zuten bikoteek, baina gorriak zuzenean joan ziren 22-18ra.
Markina-Xemeinen. Hurrengo jardunaldian Markina-Xemeinen jokatuko dute Aretxabaletak eta Urrutikoetxeak. Artola eta Mariezkurrena II izango dituzte aurkari. Sarrerak 15 euro, 20 euro eta 25 eurotan egongo direla aurreratu dute antolatzaileek, eta dagoeneko eskuratu daitezke Asegarceko webgunean.
Posta elektronikoz eta Whatsappez ere erosi ahal dira sarrerak, markinaeskupilota@gmail.com helbidean eta 606 60 20 84 zenbakian. Era berean, hurrengo barikuan (urtarrilak 25) zein partiduaren egunean, 16:30etik aurrera leihatilan erosi ahalko dira.
17:45ean hasiko da pilota jaialdia, eta Eskuz Binakako Txapelketaren aurretik, Binakako Promozio Txapelketaren final laurdenetako partidua lehiatuko da: Agirre-Salaverri eta P.Etxeberria-Garmendia.