Joseba Plaza eta Mayi Mujika nagusi, aurten ere, Kalamua-Barinaga Jaitsieran
Guztira, 38 izan dira gaur goizean lehiatu den hirugarren jaitsierako parte hartzaileak. Emakumeen kopurua gorantz doa, zortzi izan dira aurtengo korrikalariak.
Eguenean hasita, martxan daude Barinagan San Anton jaiak. Bazkaria eduki zuten lehen egunean jubilatuek, eta atzo [urtarrilak 18] bosgarren pala txapelketako finalak jokatu ziren frontoi txikian. Jon Meabebasterretxeak jantzi zuen txapela. Jon Patxi Aldaolearen kontra jokatu zuen finala Meabek eta markina-xemeindar gaztea bigarren geratu da. Iker Bereau izan da hirugarrena.
Gaur [urtarrilak 19] goizean, berriz, lehiatu da III. Kalamua-Barinaga Jaitsiera. Joseba Plaza Rabanete markina-xemeindarra eta Mayi Mujika Errasti elgoibartarra izan dira aurten ere, Kalamua Barinaga Jaitsierako bizkorrenak. Iaz ezarritako errekorra hobetu du, gainera, elgoibartarrak. 00.13.37 denboran amaitu du mendi ibilbidea, iaz 00.13.54ko denboran osatu zuen, eta lehen jaitsieran 00.14.28 denboran sartu zen helmugan. Markina-xemeindarrak, berriz, 00.11:52 denboran egin du aurtengo jaitsiera.
Emakumezkoen podiuma OƱatiko Ainara Uribarri Martinezek (00.14.43) eta Bidane Baskaran Etxeberria markina-xemeindarrak osatu dute (00.15.13). OƱatiarrak errepikatu egin du iazko bigarren postua eta bere marka hobetzea ere lortu du, 00.15.30 denbora egin zuen iaz. Gizonezkoetan, Ibai Etxeberria Eizagirre azpitiarra (00.12.00) eta Igor Urionabarrenetxea Zaldunbide aulestiarra (00.12.09) geratu dira bigarren eta hirugarren. Sailkapen osoa Herrikrosaren webgunean ikus daiteke.
[ARGAZKI GALERIA] III. KALAMUA-BARINAGA JAITSIERA
Guztira, 40 zeuden izena emanda, baina 38 izan dira azkenean, gaur goizean lehiatu den hirugarren jaitsierako parte hartzaileak. Emakumeen kopurua gorantz doa, zortzi izan dira aurtengo korrikalariak. 12:00etan hasita 30 segundotara irtetzen joan dira parte hartzaileak, eta urraturen bat edo beste egon arren, gustura amaitu dute proba parte hartzaileek. Ibilbidearen azken partean aurkitu dute errepidea labainkorren, hala ere, azken ahaleginak gogotsu egin dituzte, eta esprintean ere helmugaratu dira hainbat, ikusleen txalo eta animor artean.
Sariak banatu arteko tartean jan-edanerako aukera egon da Buztinegi kirolguneko frontoian. Sari banaketaren ostean, gainera, zozketa egin du Barinagako Jai Batzordeak parte hartzaileen artean. Lote ezberdinak, gaztak, madalenak, San Blas opilak eta edari botila sorta ere banatu dituzte.