Lekeitioko eskolako ikasleek bihotzak saldu dituzte elikagaien bankuari laguntzeko
1.000 bihotz salduta irabazitako 509 euroak hartu ditu Marisol Iturraspe Lekeitioko Elikagaien Bankuko arduradunak.
Benetan ere bihotz solidarioak dituztela erakutsi dute Lekeitioko Eskolako 3.mailako ikasleek. 509 euro lortu dituzte Lekeitioko Elikagaien Bankuari laguntzeko. Egitasmo berezi bat eraman dute aurrera diru guztiori lortu ahal izateko, Bihotz Solidarioak izenekoa. Bihotzak egin eta saldu dituzte eskolan eta herrian. Bihotzak saltzeko hainbat ekintza ezberdin antolatu dituzte: Eskolan salmenta postua ipini zuten gurasoen laguntzagaz, Santo Tomas egunean ere saldu zituzten bihotzak, eta Gabonetako oporretan Lekeitioko plazan egon zen artisau azokan postua jarri zuten.
Proiektuan eskolako guztiek parte hartu dute: ikasleak, irakasleak, gurasoak bai eta eskolako eragile desberdinak ere. Baina, batez ere ikasleak izan dira oraingoan, agintea eraman dutenak. Eskolaz kanpoko orduetan lan egin dute, beharra daukatenei lagundu asmoz. 50 zentimotan saldu dituzte bihotzak, guztira 1.000. Emaitzagaz “oso pozik” geratu dira denak, eta Marisol Iturraspe Lekeitioko Elikagaien Bankuko arduradunari eman zizkioten lortutako irabaziak.