Nerea Urien erreflexologoak gorputzeko toxinak kanporatzeko aholkuak eman ditu Etxebarrian
Elikadura, sendabelarrak eta erreflexologia gomendatu zituen gorputzak dituen toxinak kanporatzeko eta gorputzean odola eta energia zirkulatzen laguntzeko.
Gorputza desintoxikatzeko aholkuak eman zituen atzo [urtarrilak 18] Etxebarrian eskainitako hitzaldian Nerea Urien errefrexologoak. ETX Kultur Elkarteak gonbidatutako adituak azaldu zuenez, elikadura txarrak, estresak edota adikzioek gorputzean toxinak eragiten dituzte, eta ondorioz, organismo guztia gaizki joaten da. “Pertsona bakoitzari ahulen duen lekuan eragiten dio”.
Beraz, gorputzeko toxinak kanporatzeko, elikadura egoki baten beharra azpimarratu zuen. “Fruta eta berdura berdeek gure gorputzeko azidoak bere mailan edukitzen laguntzen dute”. Jakinarazi zuenez, elikaduraz gain, sendabelarrak ere laguntzen dute gorputzaren desintoxikazio prozesuan. Besteak beste, hiru aitatu zituen: txisalorea, kalendula eta azeri buztena. Garbiketan laguntzen duten elikagaien artean, bestalde, orri berdedun barazkiak, limoia, alkatxofa eta berakatza gomendatu zituen.
Erreflexologia garbiketa horretan lagungarri dela ere gaineratu zuen Urienek. “Gorputzaren erratza da”. Oin azpietan gorputz guztia degoela azaldu zuen. “7.200 nerbio amaitzen dira bertan, zuzenean buruarekin lotuta daudenak. Gorputzeko zazpi sistemak daude oin azpietan”. Terapia natural horrek prozesua arintzen laguntzen duela argitu zuen. “Pertsona hobeto sentitzen da arinago”. Erreflexoterapiaren mesedeak eta esperientziak ezagutzeko aukera egon zen hitzaldian.
Urtarrilaren 25ean, Markina-Xemeingo Beti Jai nagusien elkartean egongo da Nerea Urien gorputzaren garbiketaz hitz egiteko. 17:30ean hasiko da hitzaldia.