Alerta laranjak eragin gutxi izan du Lea-Artibai eta Mutrikun, momentuz
Alerta laranjak bere horretan jarraitzen du. Okerrena arratsaldean izan daitekeela uste dute; itsasgora 17:30 inguruan izango da.
Negu giro ezatsegina dago gaur [urtarrilak 23], eta denboralearen eragina igartzen hasi bada ere, momentuz, alerta laranjak eragin gutxi izan du Lea-Artibai eta Mutrikun. Hainbat frontek zeharkatuko dute kantauri itsasoa. Alerta laranjak bere horretan jarraitzen du, eta okerrena, arratsaldean izan daitekeela uste dute.
Alerta laranja dago ezarrita prezipitazio iraunkorragatik. Euria barra-barra ari du, etenaldi gutxi batzurekin. Horrek, errepideetan arazoren bat edo beste egon da, baina aparteko gutxi. Putzuren bat edo beste sortu ditu, eta lurjausi eta zuhaitzen erorketaren bat edo beste erregistratu dituzte.
Ondarroa eta Lekeitio batzen dituen BI-3438 kostaldeko errepidean bi gertaera egon dira goizean. 05:00etan, esaterako, lurjausi bat egon da 62. kilometroan. 08:00etan, berriz, haizeak 58. kilometroaren parean botatako zuhaitz batek errepidea oztopatu du. Hori dela eta, bidea bi norantzatan moztu behar izan dute, harik-eta zuhaitza kendu duten arte. Zirkulazioa 09:30ak inguruan berrezarri dute.
Itsasaldeko arrikusagatik ere alerta laranja dago iragarritako gaurko. Ipar-mendebaleko hondoko itsasoak 3-3,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu; eguerditik aurrera, aldiz, olatuak 4-4,5 metro ingurukoak izan daitezke. Ipar-mendebaleko haizea 7ko indarrerekin joko du, eta horrek itsaso oso zakarra eragingo du.
Ondarroan, esaterako, Arrigorri eta Saturraran hondartzak batzen dituen Arbide pasealekua itxi dute goizean, itsasgoran. Eguerdian pasealekua zabalik egongo da, baina arratsaldean berriro itxiko dute, oinezkoen segurtasunagatik. Eguraldi txarrari aurpegi ona ipini dionik ere egon da Ondarroan. Bodyboard egitera ausartu diren batzuk ere egon dira.
Biharko ere alerta laranja iragarri dute; preziopitazio iraunkorragatik
Itsasgora 17:30 inguruan izango da. Marea biziak daude 4,5 metroko estimatutako altuerarekin, eta urak gainez egin dezake gune batzuetan. Mutrikun, bestalde, Saturraran, Mutriku eta Hondarbeltz hondartzetako sarrerak eta moiletarako sarrerak ere itxiko dituzte arratsaldean, segurtasunagatik.
Haizeagatik, bestalde, abisu horia ezarri dute. Mendabel/ipar-mendebaldeko haize boladek kostaldeko haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gainditu dezakete. Haizeguneak ez diren lekuetan, berriz, haize boladak 80 km/h ingurukoak izan daitezke. Oizen 132,3 km/h haize ufadak erregistratu dituzte.
Bihar [urtarrilak 24] arte, eguraldi makurrak jarraituko du Bizkaian eta Gipuzkoan; biharko ere alerta laranja iragarri dute. Prezipitazio iraunkorragatik alertak laranjak bere horretan jarraituko du, 12:00ak arte. Bestalde, abisu horia egongo da itsasaldeko arriskuagatik, 09:00ak arte. Goizean olatuen maila txikituz joango da, eta eguerdian, 2-3 metro ingurukoa izango da. Ipar-osagaiko 5eko indarrarekin joko du, eta horrek itsaski handia eragingo du.