Ustez Ondarroan uretara erori den gizonezko baten bila ari dira
Ertzaintzak HITZAri jakitera eman dioenez, hainbat patruila gerturatu dira portura, eta urpekari taldea ere bilaketa lanetan parte hartzen ari da. Desagertutakoaren jaka ere aurkitu dute. Bihar jarraituko dute bilatzen.
Erreskate zerbitzuek bilaketa lanak hasi dituzte Ondarroako portuan, ustez, portuko musturreko haitzetan, Kakaleku moduan ezagutzen den lekuaren inguruan galdu den gizonezko baten bila.
Ertzaintzak HITZAri jakitera eman dioenez, hainbat patruila gerturatu dira portura, eta bilaketa lanak hasi dituzte, badaezpada. “Dei bat jaso dugu gizonezko bat portuko harroketara jaisten ikusi dutela eta ez dutela gehiago ikusi esaten. Inguruak miatzen ari dira. Momentu honetan pertsona hori galdu den edo ez egiaztatzen ari gara, baina ez dugu desagerpen baten jakinarazpenik; urrunetik ikusi dute pertsona hori haitzetara jaisten”.
Bilaketaketa lanetan Ertzaintza eta Gurutze Gorria ari dira parte hartzen, baina, momentuz ez dago inolako albisterik; desagertuaren jaka aurkitu dute, azkeneko aldiz ikusi duten lekuan. Gurutze Gorrikoak ordubete inguru itsasoz ibili dira bilaketa egiten, baina itsaso zakarraren eraginez, porturatu egin behar izan dute. Momentu honetan lehorretik ari dira bilaketa lanak egiten. Ertzaintzaren urpekari talde bat ere bilaketa lanetara gehitu da.
Itsasotik eta itsas ondotik egiten ari diren bilaketa lanak 17:00ak inguruan amaitu dituzte; eguraldiak okerrera egin du, eta bihar jarraituko dute bilaketa lanekin. Lehorrean, olatuetatik babestuago dauden guneetatik bilatzen jarraituko dute patruilek. Gaua egin arte horretan ariko direla adierazi dute Segurtasun Saileko iturriek. “Ilundutakoan lanak etengo ditugu, eta bihar jarraituko dugu”.