Atzo Ondarroan ustez uretara erori zen gizonezkoaren bila jarraitzen dute
18:00ak arte ustez desagertutakoaren bila ibili dira, baina emaitzarik lortu barik. Larrialdi zerbitzuek bihar ere bilaketagaz jarraitzeko asmoa dutela agertu dute.
Larrialdi zerbitzuek atzo [urtarrilak 23] Ondarroako Kakaleku inguruko harkaitzetan ustez uretara erori zen gizonezkoaren bila jarraitzen dute. Bilaketa lanei 09:30-10:00ak inguruan ekin diete.
Bigarren egunez jarraian, bilaketa lanetan Ertzaintza, Gurutze Gorria eta Itsas Salbamenduko taldeak koordinatuta ari dira lanean, ustez galduta dagoen gizonezkoa ahalik eta azkarren aurkitzeko. Txutxumutxuek ustez galduta dagoena emakumezkoa dela badiote ere, Ertzaintzak HITZAri esan dio gaur-gaurkoz galdutakoa gizonezkoa delakoan daudela.
Bilaketa lanak lehorretik, itsasotik eta airez egiten ari dira. Itsas Salbamenduko ontzi bat, Gurutze Gorriko ontzia eta Ertzaintzaren urpekariak uretan ari dira bilaketa lanak egiten. “Eguraldiaren arabera, gainera, Ertzaintzaren helikopteroak edo Itsas Salbamenduko Helimer helikopteroak parte hartuko du bilaketan”.
Herrizaingo Sailak baieztatu duenez, atzo ustez desagertuta dagoen pertsonaren jaka aurkitu zuten azkenengo aldiz ikusi zuten tokitik oso gertu. Jaka barruan diru-zorro bat aurkitu zuten, dokumentazioagaz, eta horri buruzko ikerketa ere zabaldu du Ertzaintzak. “Baliteke jaka hori desagertuta dagoen pertsonarena izatea”.
18:00ak inguruan amaitu dituzte gaurko bilaketa lanak; oraingoz, ez dute ustez desagertutakoaren berririk. Barikuan [urtarrilak 25] ere bilaketa lanekin jarraitzeko asmoa agertu dute larrialdi zerbitzuek.