Eguaztenean ustez Ondarroako portuko uretara erori zen gizonezkoaren bila jarraitzen dute
Larrialdi zerbitzuek eman duten datuen arabera, 10:00ak aldean hasi dira eguaztenean ustez Ondarroako Kakalekuko haitz inguruan galdu zen gizonezkoaren bila.
Erreskate taldeek hirugarren egunez ekin diote gaur [urtarrilak 25] goizean bilaketa lanei. Larrialdi zerbitzuek eman duten datuen arabera, 10:00ak aldean hasi dira eguaztenean [urtarrilak 23] ustez Ondarroako Kakalekuko haitz inguruan galdu zen gizonezkoaren bila.
Gurutze Gorriko, Itsas Salbamenduko eta Ertzaintzako taldeak ari dira bilaketa lanetan parte hartzen. Besteak beste, Ertzaintzako urpekariak eta Gurutze Gorriko Merak ontzia. Ertzaintzaren patruilak, bestalde, kostaldea mihatzen ari dira lehorretik. Eguraldiak laguntzen baldin badu, Ertzaintzaren helikoptero bat ere aterako da laguntzera.
Desagerpenaren berri eman zenetik ez dute ustez galdutakoaren berririk; lehen egunean jaka bat aurkitu zuten desagertua azken tokian ikusi zuten tokitik gertu, dokumentazioagaz. Desagertuari buruzko ikerketa ere ireki du Ertzaintzak.