Etxebarriko aurrekontuak %34ko igoera edukiko du
Udalbatzak 1.501.381,76 euroko sarrera-gastuen aurrekontuari eman dio onespena, aho batez. Ezkutuzuloko errepidea konponduko dute.
Igoera nabarmena izango dute aurten Etxebarriko udal aurrekontuek. 2018 urteko azken osoko bilkuran onartuta geratu zen 2019rako Etxebarriko Udalak edukiko duen aurrekontua. Udalbatzak 1.501.381,76 euroko sarrera-gastuen aurrekontuari eman zion onespena aho batez. 2018koarekin alderatuta, %34,67ko igoera dauka aurtengo aurrekontuak (2018koa 1.114.791 eurokoa izan zen). Beraz, 386.590,76 euro gehiago izango dituzte ekitaldi berrirako.
Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak jakitera eman duenez, aurten burutuko dituzten obra batzuetarako diru laguntzak lortu ditu udalak, eta aurrekontuetan igarri da hori. Alde batetik, 2018ko abuztuko euriteekin jausi zen Ezkutuzuloko errepidea konponduko dute aurten. Guztira, Ezkutuzuloko lanek ia 300.000 euroko kostua izango dute, baina Bizkaiko Foru Aldundiak kostuaren %81 ordainduko du. Hain zuzen ere, 226.000 euroko laguntza emango dio aldundiak Etxebarriko Udalari. “Lur guztiak mugitu ziren eta errepidea hondoratu egin zen. Obra handia egin behar da konpontzeko”, azaldu du alkateak.
Inbertsioen ataleko beste zati handi bat frontoi barrua egokitzen jarraitzeko lanetara bideratuko dute. Aurten lehen fasea amaitu eta bigarren faseagaz hasiko direla aurreratu du alkateak
Bestalde, Galartza industriguneko errepidea konpontzen jarraituko dute aurten ere. “Launik enpresaren eta Eika kooperatibaren arteko tartea konpondu genuen iaz, eta aurten Eika paretik bidegorri sarrerainoko zatia berrituko dugu”. Konponketak egin eta galipota botateak ia 120.000 euroko kostua izango du. Hala ere, SPRI Eusko Jaurlaritzaren enpresa garapenerako agentziaren laguntza edukiko dute lanak aurrera eramateko, ia 60.000 euroko laguntza izango dute.
Bestalde, udalkutxan egondako igoerak ere aurrekontuan eragina izan duela azaldu du Etxebarriko alkateak. “Gorantz egin du eta udaletan ere igarriko dugu igoera hori”.
Inbertsioak. Aurrekontuaren 568.281,76 euro inbertsio errealetara bideratuko ditu udalak. Atal horren baitan daude Ezkutuzuloko obra eta Galartza industriguneko errepidearen konponketa. Horiez gain, inbertsioen ataleko beste zati handi bat frontoi barrua egokitzen jarraitzeko lanetara bideratuko dute. Aurten lehen fasea amaitu eta bigarren faseagaz hasiko direla aurreratu du alkateak. Bigarren fase horretan probalekuko lurzoruan oholtza jarri, kontrakantxa bat egin eta megafonia berria ezarriko dute. Lan horiek guztiak egiteko 110.000 euro gorde dituzte.
Beste partida bat eskola berriaren inguruko finantza azterlan bat egiteko erabiliko dute. 10.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute horretarako. “Udalari dagozkion azpiegiturek ze kostu izango duten eta zelan aurre egin ahal diegun jakitea dauka helburu azterketak”, argitu du Iriondok.
Horrez gain, skate park edo bizikleta parke bat egiteko 60.000 euro edukiko dituzte. “Zer izango den oraindik zehazteko dago”, azaldu du alkateak. Herriko gurasoek 12-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekipamendu baten premia nabarmendu dutela aipatu du alkateak, eta herritarrek erabakitzen dutena eraikiko dute bidegorriko komunen pareko landan.
Parte hartze prozesua. Herritarren parte hartzea sustatu nahi du udalak, herriko kultur eta kirol ekipamenduak bai eta ekimenak ere denen artean erabakitzeko. Alde batetik, herriko gimnasioan ze motatako ekipazioa edota zeintzuk ekintza nahi dituzten jakin nahi dute ekipazio egokia jarri ahal izateko. “Probalekuaren lurzorua estalita, beste ekintza batzuk ere egin ahalko dira, eta horretarako herritarren nahiak ezagutu nahi ditugu”.
Galdeketa bat bidaliko dute etxebizitza guztietara, eta ondoren, batzarrak egingo dituzte herriko talde guztiekin
Herritarren iritzi eta proposamenak jasotzeko parte hartze prozesu bat abiaraziko du udalak urtarrilaren azken astean. Hasteko, galdeketa bat bidaliko dute etxebizitza guztietara, eta ondoren, batzarrak egingo dituzte herriko talde guztiekin. Ekarpen denak batuta, txostena osatu eta batzar zabal baterako deia egingo dute gaiak eztabaidatzeko. “Ume zein nagusiak edukiko ditugu kontuan, eta beraz, denen parte hartzea beharrezkoa izango da”.
Ekipamenduez gain, herritarrek nahi dituzten ekimenak zeintzuk diren jakitea ere garrantzitsua dela azpimarratu du Iriondok. “Heldu, gazte zein umeen eskaerak zeintzuk diren jakinda, ekintzak antolatu ahal izango ditugu”. Alkateak zehaztu duenez, 2018ko aurrekontuetan aurreikusi zuten parte hartze prozesu hori egiteko partida.
Gimnasioko ekipamendua erabaki bitartean, gutxienezko bat jarriko dutela azaldu du alkateak. “Premiaren arabera ekipamenduak gehitzen eta gimnasioa moldatzen joango gara”.