Ispasterko zaldi mando probak lehiatzeko zapatuan izena eman behar da
Kintxopekoen 24. Sariketa otsailaren 8tik 10era jokatuko dute, eta Zaldi-Mando 34. Sariketa, berriz, otsailaren 15etik 17ra lehiatuko dute.
Otsaileko bigarren eta hirugarren asteburuan lehiatuko dituzte zaldi mando probak Ispasterren. Alabaina, probetan parte hartzeko zapatuan (urtarrilak 26) izena eman behar da udaletxean, 13:00etan.
Hala ere, bertaratzerik ez dutenek telefonoz deitu ahalko dute: 94-684 29 99.
Izena ematerakoan beharrezkoa izango da ohiko dokumentazioa aurkeztea. Hau da, animaliaren identifikazio zenbakia edota mikrotxipa, esplotazio kodea eta jabearen datuak eroan beharko dituzte udaletxera.
Kintxopekoen demagaz hasiko da lehia. Hain zuzen, otsailaren 8tik 10era Kintxopekoen 24. Sariketa jokatuko dute. Hurrengo asteburuan (otsailaren 15etik 17ra) Zaldi-Mando 34. Sariketa lehiatuko dute.
Bi sariketen baldintzak ezagutara eman ditu dagoeneko Ispasterko Udalak. Herriko harriagaz egingo dituzte probak, eta zaldien oinarrizko pisua 400 kilotan ezarri dute. Saio bakoitza hasi baino ordubete lehenago pisatuko dituzte abereak. Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundearen ordezkarien kontrolpean burutuko dituzte saioak.
Bi modalitateetan lehen hamar sailkatuentzat zehaztu dituzten sariak, eta bietan txapeldunek 750 euro, manta eta txapela irabaziko dituzte. Zaldi mando proben kasuan, Lea-Artibaikoentzat hiru sari aurreikusi dituzte, baina, horiek banatzeko gutxienez eskualdeko hiru partaide egon beharko dira.
Bestalde, kintxopekoetan, saririk jaso gabe gelditzen den probalariren batek irabazlearen markaren %60 egitenez gero, 300 euro jasoko lituzke. Zaldi- mandoen kasuan, irabazlearen markaren %70 egin beharko ditu 300 euroak jasotzeko.