Lekeitioko Eusebio Maria de Azkue kalea zarratu dute lanak egiteko
Kale mozketa dagoen bitartean, Santa Katalina kaleko 7 zenbakitik 21eraino norabide bikoitza egongo da, eta zirkulazioa semaforoen bidez ari dira zuzentzen.
Trinkete Etxeko taberna aurretik eta Zapaterito frontoiraino doan hodia aldatu eta kutxatila berria egiteko lanak hasi ditu Lekeitioko Udalak. Hori dela eta, lanak egiteko, Eusebio Maria de Azkue kalea zarratuta egongo da otsailaren 8ra arte.
Udalak jakitera eman duenez, kale mozketa dagoen bitartean, Santa Katalina kaleko 7 zenbakitik 21eraino norabide bikoitza egongo da, eta zirkulazioa semaforoen bidez zuzenduko dute.
“Trinkete Etxea eta Zapaterito frontoiaren artean dagoen bidean, bat batean zuloak sortu izan dira eta nahiz eta zuloak estaltzeko lanak egin, zuloek agertzen jarraitu izan dute gune horretan”, azaldu dute. Zergaitia jakiteko eta arazoa aztertu nahian, saneamendu sarean kamerak sartu zituzten, eta saneamendu hodia guztiz apurtuta zegoela ikusi zuten. “Horren ondorioz, urak lurra garbitzen du eta zuloak sortzea eragin”. Arazo hori konpontzeko hasi ditu lanak udalak.