'Glorieriak' egitasmoagaz Gloria Fuertes poeta ekarriko dute gogora Markina-Xemeinen
Zapatuan [otsailak 2] jarriko dute abian aurtengo proposamena. Sormen tailer bat egongo da Pasadas las 4 antzerki talde nafarreko partaideek gidaturik.
Idazle eta autore ezberdinen lanera hurbiltzeko egitasmo berria jarriko du martxan Markina-Xemeingo Herri Bibliotekak Uhagon kulturguneagaz elkarlanean. Asmoa, urtero egile bat aukeratu, eta era askotako ekimenen bidez, bere lanean sakontzea dela azaldu du Igor Idoeta Herri Bibliotekako arduradunak. “Proposamena ume eta nagusiei zuzenduta dago, eta beraz, guztiei begirako ekimenak egongo dira”.
Zapatuan [otsailak 2] jarriko dute abian aurtengo proposamena. Gloria Fuertes poeta gogoratu, irakurri eta bere poemekin gozatzea erabaki dute aurten, hortik aurtengo egitasmoaren izena: Glorieriak. Gloria Fuertes XX. mendeko espainiar estatuko haur literaturaren erreferenteetako bat da. Haur literaturari dagokionez ezagunagoa bada ere, helduen literatura eta musika ere landu zituen. Beste sari askoren artean Hans Christian Andersen Haur Literaruraren Nazioarteko ohorezko diploma jaso zuen.
“Madrilgo idazlea jaio zeneko mendeurrena ospatu zen iaz, eta hainbat ekimen egin ziren. Guk, baina, beste ekintza batzuk genituen eskuartean eta ezinezkoa egin zitzaigun Gloria Fuertesen urteurrenari begirako ezer antolatzea”, azaldu du Idoetak. Orain, berriz, era askotako ekimenekin hurreratu nahi dituzte haur eta helduak Fuertesen poesia eta literatur lanetara.
Egitaraua. Hasteko, poesia tailer bat egongo da zapatuan [otsailak 2] Herri Bibliotekan Pasadas las 4 antzerki talde nafarreko partaideek gidaturik. 17:00etan hasiko da 102 aƱos de Gloria, Fuertes en la memoria sormen tailerra. Otsailaren 9an, berriz, Glup glup Gloria ikuskizuna egongo da Oihana Etxegibel eta Peru Magdalena ipuin kontalariekin. Hori ere Herri Bibliotekan eskainiko dute, 17:00etan. Azkenik, otsailaren 15ean, Mursegoren eskutik, Gloria Fuertesi ikasitako poemak entzun ahalko dira. 20:00etan, Uhagonen izango den emanaldia helduei zuzenduta dagoela aurreratu du Idoetak.
Horrez gain, Gloria Fuertesi eskainitako jardunaldi hau osatzeko, egilearen lana ezagutzeko aukera edukiko dute alde batetik, datorren aste osoan, Bekobenta Herri Eskolako eta Berakruz Ikastolako LHko ikasleek, Herri Bibliotekako arduradunen laguntzagaz. Bestalde, Irakurleen Txokoetan ere landuko dute egile madrildarraren obra, eta Fuertesi eskainiko diote hilabete honetako saioa. Mujer de verso en pecho eta Antologia helduei zuzendutako poesia liburuak irakurriko duteztela zehaztu du Idoetak.