Lekeitiok Bilbora joateko eta itzultzeko zuzeneko autobus zerbitzua edukiko du
Bizkaibusen zuzeneko autobus zerbitzua astelehenean (otsailak 4) hasiko da martxan. Astegunetan 06:15ean izango da zuzeneko zerbitzua, eta itzulerakoa 15:00etan.
Lekeitioko Udalak duela hilabete batzuk egin zion eskaera aldundiari. Eta orain, aldundiak eskaera onartu eta zuzeneko zerbitzua ipini du. Zehaztu dutenez, “eskari handiena” dagoen orduetan ipini dute zuzeneko zerbitzua. Hala, Bilbora joateko zuzenekoa 06:15ean izango da, eta itzulerakoa 15:00etan (A 3512 linea).
Zuzeneko zerbitzua izena ipini badiote ere, geldialdi batzuk egingo dituela esan dute. “Geldialdi gutxi batzuk egingo ditu, baina bidaiaren iraupena gutxitu egingo da. Zuzeneko horrek ez du geldialdirik egingo ez Markina-Xemeinen ez eta Iurretan“.
Zerbitzu berria astelehenean (otsailak 4) hasiko da martxan, baina gaur egun dauden gainerako zerbitzuak bere horretan mantenduko direla esan dute. “Zerbitzu hau berria da, baina orain arte zeuden beste zerbitzuak berdin-berdin mantenduko dira, bai orduak eta baita ere geltokiak”.
Zerbitzu berria Bilbora lan egitera edo unibertsitatea doazen herritarrei begira ipini dutela esan dute. Era berean, Lekeitio-Bilbo, Lekeitio-Gernika-Lumo eta Lekeitio-Galdakao zerbitzuak hobetzeko lanean jarraituko dutela esan dute udalak eta aldundiak.