Lekeitioko eta Markina-Xemeingo batzokietan agertutako pintaketak gaitzetsi dituzte
Bizkai Buru Batzarrek ere pintadak "lekuz kanpo" daudela esan du. "Pintadak egin dituztenak ez dira konturatzen herritarrek eraiki egin nahi dutela, eta ez suntsitu".
Bi herrietan joan den asteko barikuan, urtarrilaren 25ean agertu ziren pintaketak. Lekeitioko Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek gertaera gaitzetsi dute. “Mota honetako jarrerak baztertu egiten ditugu, gure jardun eta estrategietatik kanpo kokatzen diren ekintzak direlako eta lekuz kanpo daudelako”.
Bizkai Buru Batzarrek ere pintaketak “lekuz kanpo” daudela esan du. “Pintaketak egin dituztenak ez dira konturatzen herritarrek eraiki egin nahi dutela, eta ez suntsitu. Herritarrek eztabaidatu egin nahi dute, ez iraindu. Pintaketak egin dituztenei exijitzen diegu berriro horrelakorik ez egitea. Izan ere, horrelako ekintzekin, guztiok nahi dugun normaltasuna hausten dute”.
Pintaketetan ondoko esaldiak irakurri zitezkeen: “PNV Golpista“, “Gora iraultza bolibartarra“, “Amnistia osoa“, “PreSOS” edota “Preso Gaixuak Askatu“.