Batel ligetako jardunaldiak bertan behera geratu dira, itsasoaren egoeragatik
Bizkaiko Batel Ligaren denboraldia hastekoak ziren zapatuan, Plentzian. Gipuzkoako Arraun Federazioak barikuan hartuko du erabakia.
Beste behin, itsasoko baldintza txarrek estropadak bertan behera gelditzea ekarri dute. Bizkaiko Batel Ligaren denboraldia zapatuan (otsailak 2) hasi behar zuten, Plentzian, baina, Bizkaiko Arraun Federazioak jardunaldia ez egitea erabaki du arratsaldean. Izan ere, Euskalmetek zapaturako alerta laranja iragarri du, nabigaziorako. 18:00arte arte dago ezarrita alerta laranja.
Plentziakoak batel denboraldi hasierako estropada behar zuen, baina, ligako lehen estropada otsailaren 10ean lehiatuko dute Sestaon. “Hau ez litzateke puntuagarria izango, eta ez liratezke maila guztiak egongo, gazte mailetarako zen bakarrik; denboraldiari hasiera emateko estropada zen. Berez hurrengo asteburuan hasiko da liga. Otsailaren 10ekoa mantendu egingo da, eta Plentziakoa burutu ahal izateko beste data bat bilatuko dugu”, azaldu dute Bizkaiko Arraun Federazioaren ordezkariek.
Biharko, berriz, abisu horia ezarri dute haizeagatik, euriagatik, elurragatik eta itsasaldeko arriskuagatik (nabigazioa eta kostaldeko kalteak).
Hain zuzen, Gipuzkoako Batel Ligan, arrazoi beragatik atzeratu zuten aurreko domekan lehiatu beharreko 3.jardunaldia. Pasai Donibaneko estropada bertan behera utzi zuten eta domeka honetan (otsailak 3) lehiatzekoak dira. Hala, 4. jardunaldia zapatua honetan (otsailak 2) Donostian egitea aurreikusita daukate. Gipuzkoako Arraun Federazioko ordezkariek esan dutenez, bihar hartuko dute erabakia, baina, zapatukoa bertan behera utziko dutela ia segurua da: “Badaezpada bezpera eguna arte itxarotea erabaki dugu. Beraz, bihar hartuko dugu erabakia. Baina zapatukoa bertan behera geratuko da seguruenik. Bi jardunaldiak egin ala ez bihar erabaki eta jakinaraziko dugu”.