Markina-Xemeingo gaztetxea festaz jantziko da Urrezko Akerbeltz Bertso Sarirako
Oskarretara edo Goietara joaten diren aktoreak bezala, Urrezko Akerbeltz Sariko galatik oroigarri preziatuagaz irtetzea izango dute helburu gaztetxeko oholtzara igoko diren zortzi bertsolariek.
Urtero modura, bertsoa eta antzezpena uztartzen dituen saio berezia prestatu du Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak inguruko bertso zaleen gozamenerako. Askok itxaroten duten urteroko hitzorduaren aurtengo gaia musikalak izango dira, eta aurreratu dutenez, horren biran joango da zapatuan [otsailak 2] ospatuko den Urrezko Akerbeltz Bertso Saria.
Oskarretara edo Goietara joaten diren aktoreak bezala, Urrezko Akerbeltz Saritik oroigarri preziatuagaz irtetea izango dute helburu gaztetxeko oholtzara igoko diren zortzi bertsolariek. Gazte asanbladako kideek azaldu dutenez, lau musikaletako protagonista bihurtuko dira zapatuko ekitaldian, eta ariketa ezberdinen bidez eurena dela filmik onena erakutsi beharko dute. Grease, High School Musical, Mary Poppins eta Sister Act dira binaka defendatuko dituzten musikalak, hain zuzen. Bi aurkezlek jarriko dizkiete gaiak, eta ariketaz ariketa puntuak batzen joango dira. “Urrezko akerra eramango dute hoberenek”.
Hauek izango dira lau filmetako protagonistak:
- Grease: Joseba Sololuze (Danny Zuko) eta Nahia Ibarzabal (Sandy Olsson)
- High School Musical: Lander Ibarluzea Aitxulua (Gabriella Montes) eta Ander Elortegi (Troy Bolton)
- Mary Poppins: Josune Aramendi (Mary Poppins) eta Xabat Galletebeitia (Mr. Bert)
- Sister Act: Aissa Intxausti (Sister Mary Robert) eeta Nerea Ibarzabal (Sister Mary Clarence)
Urtero modura, eszenografia eta jantziak ere mimo guztiagaz zaindu dituzte Gazte Asanbladakoek. “Benetako galak hartu ditugu eredu antolaketarako, eta publikoa ere dotore jantzita etortzera gonbidatu dugu”. 22:30ean hasiko da saioa. Aurretik, ohi modura, afaria egongo da gaztetxean bertan, eta 22:15ak aldera zabalduko dituzte ateak saiorako. “Nahi duena bakarrik saiora joan daiteke 3 euroko sarrera ordainduta”.
Akerbeltz gaztetxeko bertso saioan parte hartuko duten bertsolarien maila handia nabarmendu nahi izan dute asanbladakoek. “Egia da saioa herriko eta inguruko bertsolariekin egiten dela; euren arteko giro ona nabari da, eta ondorioz, saio ona izaten da urtero. Baina azpimarratzekoa da, bai eta ere, bertsolarien maila. Bizkaiko Txapelketako finalista bi ditugu tartean esate baterako, Ibarzabal eta Galletebeitia”.
Bertso gau berezia borobiltzeko, gainera, DJ Elepunto egongo dela jakitera eman dute gazte asanbladakoek. “Aurten lehenengoz musika egongo da saioaren ostean”.
Denak batera. Arrakasta handia izaten du urtero Akerbeltz Gaztetxeko bertso saioak. Horren sekretua talde lana dela aitortu dute. “Behar handia du antolaketak, baina lantaldeetan banatzen ditugu ardurak, eta denok batera lan egiten dugu. Askoren artean egindako lan ona dagoela atzean esan daiteke”.