Markina-Xemeingo Jai Batzordeak denden eta tabernen arteko lehiaketa egingo du inauterietan
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek udaletxeko harreran izena eman behar dute; otsailaren 25eko eguerdirako izena eman behar da.
Lehiaketan parte hartzen duten tabernek gutxienez martxoaren 3an egun osoan apainduta egon beharko dutela zehaztu dute antolatzaileek. “Denden kasuan, erakusleihoa eguenetik zapatura egon beharko da apainduta, domeketan itxita egoten dira eta”. Kategoria bakoitzeko bina sari banatuko dituzte. Hala, lehenengo saria eskuratzen dutenek 150 euro jasoko dute, eta 50 euro bigarrenek.
Gaia librea izango da, eta oinarriak kontsultatu nahi dituztenek Markina-Xemeingo Udalaren webgunean edukiko dituzte eskuragarri.
Herri bazkaria. Beste alde batetik, martxoaren 3an (domeka) egingo den inauterietako herri bazkarian izena emateko epea ere zabalik dagoela gogorarazi dute. Izen-ematea udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan egin beharko da, otsailaren 20a orduko. Bertan emango da ordainketa egiteko kontu korronte zenbakia.
12 urtera arteko umeek 8 euro ordaindu beharko dituzte. Menua: Paella oilasko eta itsaskiekin, postrea eta edaria (ura). Nagusiek, ostera, 15 euro ordaindu beharko dituzte. Menua: Paella oilasko eta itsaskiekin, solomoa saltsagaz, postrea, kafea eta edariak (ura, ardoa eta sagardoa).
Jolasen txokoa ere egongo dela esan dute.