Gernikako arbolaren kimua landatu dute Lekeitioko Azkue Ikastolan
Gernikako haritzaren oinordekoa landatu dutela bermatzeko ziurtagiria eman dio Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak Ainara Ikaran Azkue Ikastolako presidenteari.
Maiatzaren 19an Lekeition ospatuko den Ibilaldiaren harira, Gernikako arbolaren kimua landatu dute gaur [otsailak 7] Lekeitioko Azkue Ikastolan. Ainara Ikaran Azkue Ikastolako presidenteak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Joseba Gezuraga lehendakariordeak eta Koldo Goitia Lekeitioko alkateak parte hartu dute ekitaldian ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoekin batera. Edriga Aranburu Lekeitioko EH Bilduko ordezkaria eta Jesus Lekerikabeaskoa batzarkidea ere bertan egon dira.
“Dagoeneko 40. Ibilaldia izango da, baina urteak joan eta urteak etorri Ibilaldiak bere sortzeko arrazoiei eusten die: Bizkaiko Ikastolen jaialdia izatea, Ikastolen hezkuntza proiektua ezagutzera ematea eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea” azaldu du Ainara Ikaran Azkue Ikastolako presidenteak. Baina 2019ko Ibilaldia haratzago eraman nahi dute, “gizartean eta hezkuntza komunitate barruan dauden eztabaidak eta egiten ari diren proposamenak plazaratu nahi ditugu euskal hezkuntza publiko bateratzaile baterako oinarriak jarriz”. Eta beraz, Haratzago dute Ibilaldiko leloa. “Gure ikastola bere sorreratik beti haratzago joan da, aitzindari izan garelako, baina haratzago ez da urrunago, sakonago baizik, nondik gatozen ahaztu gabe, gure sustraietara abiatuta”.
[ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Testuinguru horretan kokatu dute gaurko ekitaldia, Gernikako arbola giltz hartuta. “Gernikako arbola Euskal Herriaren askatasunaren eta unibertsaltasunaren ikur bihurtu da, eta egun mundu osoko hainbat tokitara zabaldu da euskaldunen ikurra. Guk ere presente eduki nahi dugu gure ikastolan, berak ikusiko gaitu handitzen eta zahartzen, indartzen eta zabaltzen. Izan dadila haritz gazte hau, gure harreman eta lotura baikor bezain iraunkorren lekuko”.
Gernikako arbolaren landaketa ekitaldietan atsegin handiz parte hartzen duela adierazi du Ana Otaduik eta poztasun hori gaurkoan handiagoa dela nabarmendu du, “neska-mutiko aldra alai eta zaratatsuen artean egonda”. Iraganak eta etorkizunak gaurko ekitaldiagaz bat egiten dutela esan du Bizkai Buru Batzar Nagusietako lehendakariak, “iraganak Euskal Herriaren sinbolorik unibertsalenagaz eta askatasun nahiagaz, eta etorkizunak Azkue ikastolako ikasle guztiekin, batez ere ikastola ibilaldiaren edizio berria martxan jartzeko lanetan zabiltzaten honetan”.
Hemendik aurrera, Azkue Ikastolako komunitate osoak erantzukizun handia izango duela gaineratu du Otaduik. “Gure haritz eta landareek giza eskubideen defentsa eta euskaldunen eta mundu osoaren bake nahia sinbolizatzen dute, eta Gernikako bonbardaketatik, indarkeriaren aurkako ikur ere badira. Zaindu eta hasi egin beharko duzue Euskal Herriaren bake nahiaren sinboloa, gure nortasunaren eta euskal askatasunen aldeko borroken sinboloa, eta mimatu eta babestu egin beharko duzue ideologia politiko guztiek izan ezkerrekoak, zentrokoak zein eskuinekoak maite duten ikurra”.
[ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Ziurtagiria. Gernikako haritzaren oinordekoa landatu dutela bermatzeko ziurtagiria eman dio ondoren, Otaduik ikastolako lehendakariari. “Haritz hau Gernikako Batzar Etxean daukagun haritzaren ezkurtxo batetik jaio dela dio ziurtagiriak”.
Lekeitioko alkateak ere, Azkue Ikastolakoek eta oro har herri osoak hartu duen erantzukizuna azpimarratu du. Lekeition sartzen duten Gernikako arbolaren bigarren kimua dela gogora ere ekarri du alkateak, iaz landatu zuten lehenengoa Dominiken komentuan, kongregazioaren 650. urteurrenean. “Argi geratu da euskaldunon ikur bat dela arbola hau, euskaldun sentitzen garenok, abertzaleak eta abertzale ez direnak, berton jaioak eta kanpotik etorritakoak, ikastolan ikasten dutenak eta eskoletan ikasten dutenak, denon ikurra da, beraz, zaindu dezagun denen artean”.
Zuhaitzari begira ohorezko aurreskua dantzatu dute ikastolako ikasleek, eta ekitaldiagaz amaitzeko, zuhaitzaren landaketa irudikatu dute ikastolako presidenteak eta erakundeetako ordezkariek ikastolako umeen laguntzagaz.