Hamar mintegi, XVII. Markina-Xemeingo Zuhaitz, Landare eta Baserri Tresneria Azokan
10:00etan emango zaio hasiera azokari eta 14:00ak arte egongo dira postuak zabalik. Nekazaritza eta artisautza postuek osatuko dute eskaintza.
Loreak, zuhaitzak eta landareak ikusteko eta erosteko aukera eskainiko du aurten ere zapatuan [otsailak 9] Markina-Xemeinen ospatuko den 17. Zuhaitz, Landare eta Baserri Tresnerien Azokak. 10:00etan emango zaio hasiera azokari eta 14:00ak arte egongo dira postuak zabalik.
Zuhaitz eta Landareen salmenta zuzeneko 10 mintegi aurkituko dituzte Zelaian azokara hurreratzen diren bisitariek. Bizkaikoak dira gehienak, zazpi hain zuzen. Aurreko urteetan legez, Zaldibarko Areitio eta Belar mintegiek, Muruetako Murueta lorategiak, Iurretako Ortuberrik eta Gatikako Etxebarria mintegiak ez diote otsailaren bigarren zapatuko hitzorduari hutsik egingo. Horiez gain Usurbilko Aranburu mintegia, Zarauzko Lurberry, Bakioko Iturriaga, Balmasedako Balmaseda Activa eta Zaragozako Larena mintegiaren zuhaitz, zuhaixka, landare, lore edota haziak edukiko dituzte aukeran.
Lea-Artibai eskualdeko baserriko produktuak erosteko aukera ere egongo da. Hamabi izango dira aurten, nekazaritza atalean, Markina-Xemeinen egongo diren ekoizleak, gehienak, herrikoak bertakoak. Hauek dira:
- Ardi gaztadun ekoizle bi: Santamañe elkartea (Markina-Xemein) eta Barroeta Gazta (Markina-Xemein).
- Ahuntz gaztadun ekoizle bat: Larruz gazta (Markina-Xemein).
- Landa oiloen arrautza ekoizle bat: Joseba Zabala (Gizaburuaga)
- Okindegi eta gozogintzako hiru ekoizle: Labegur (Berriatua), Mañeko Azpi (Mallabia), Meabeko ogixe (Markina-Xemein).
- Eztigile bat: Josean Ostolaza (Markina-Xemein).
- Ahatekietan ekoizle bat: Pates Eskuola (Mungia).
- Errioxar jatorri izendapeneko upategi bat: Bodegas Solana de Ramirez (Abalos).
- Marmelada ekoizle ekologiko bat: Xabier Alonso Beltzitina (Arabako Ibarrak).
Azoka gunean lau artisau ere egongo direla jakitera eman dute antolatzaileek, loreak, panpinak, pachwork eta txalapartak egiten dituztenak. Horrez gain, azokazaleek taloa jan eta sagardoa eta txakolina edateko aukera ere izango dute horretarako egokitutako txosnan.
Azoka antolatzen duten Markina-Xemeingo Udalak eta Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkarteak aipamen berezia egin die antolakuntza aurrera eramateko lan eskerga egiten dute eragile guztiei, “aurreko egunetan eta bereziki egun horretan egiten duten lanagatik”. Eta azokara hurreratzeko gonbitea egin diete herritarrei eta inguruetako azokazaleei. “Eguraldiak lagun, egun zoragarria izan dezagun”.
Beherapenen azoka. Lea-Artibaiko Landa Garapen Elkarteak eta Markina-Xemeingo Udalak antolatzen duen Zuhaitz, Landare eta Baserri Tresnerien azokagaz gain, Merkatu Txikia ere egingo da zapatuan Hemen Be Bai merkatari elkarteak antolatuta. Arkupe aurrean jarriko dituzte saltokiak 10:00etatik 15:00etara, eta umeen ekintzak ere egongo direla aurreratu dute. Euria eginez gero, frontoian egingo da merkatua.