Kintxopeko sariketagaz hasiko dira Ispasterko zaldi-mando probak
Sei probalariren artean lehiatuko dute Kintxopeko 24. Sariketa, eta horietatik hiru dira Lea-Artibaikoak. Bihar egongo da lehenengo saioa, eta zapatuan bigarrena.
Datozen egunetan Kintxopekoen 24. Sariketa eta Zaldi-Mando 34. Sariketa hartuko ditu Ispasterreko frontoiko probalekuak.
Bihar eta etzi (otsailak 8 eta 9) sei probalari ariko dira zein baino zein gehiago Kintxopeko txapelaren bila. Markina-Xemeingo Agarre, Mañuko Erauzkin eta Laukizeko Garagartza Elkarteko zaldiak izango dira lehen eguneko protagonistak. Biharamunean, beste hiruren txanda izango da: Ibekohondo eta Aitor Alzaa aulestiarren eta Guriezoko Fermin Santamariaren zaldiak aterako dira probalekura. Aipatu bi egunetan, 21:00etan hasiko dira demak.
Bestalde, zaldi-mandoei dagokienez, bost saio lehiatuko dituzte. Domekako (otsailak 10) Etxebarriko Gindi eta Munitibarko Motrolloren artekoa izango da lehen dema, 18:00etatik aurrera.
Hala, hurrengo asteburuan jarraituko du sariketak, eta egun bakoitzean hiruna zaldi ariko dira lehian. Otsailaren 15ean (zapatua) Aulestiko Juan Uriartek, Bermeoko Aurrekoetxea Anaiak eta Itziarko Etxeberrik parte hartuko dute, eta otsailaren 16an (domeka) Etxebarriko Adorrixa Anaien, Mañuko Erauzkinen eta Bilboko Kocco Dendaren txanda izango da. Bi egun horietako saioak 21:00etan hasiko dira. Domekan (otsailak 17), ostera, 18:00etan hasiko da proba, eta Nabarniz Jatetxearen, Mungiako Goieta Tabernaren eta Guriezoko Javier Peña Santamariaren zaldiak ariko dira zein baino zein gehiago. Hala, otsailaren 18an (astelehena) argituko da zein den Zaldi-Mando 34. Sariketaren irabazlea. 21:00etatik aurrera, Aulestiko Koba, Fikako Construcciones Torrontegi eta Guriezoko Fermin Santamariaren zaldien arteko demaz gozatuko dute probalekura bertaratzen direnek.
Urtero legez, Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundearen ordezkarien kontrolatuko dituzte saioak. Herriko harriagaz egingo dituzte probak, eta zaldien oinarrizko pisua 400 kilotan ezarri dute (saioak hasi baino ordubete lehenago pisatuko dituzte).
Sariak. Bi modalitateetako lehen hamar sailkatuak sarituko ditu Ispasterko Udalak. Bietan txapeldunek 750 euro, manta eta txapela jasoko dituzte. Zaldi mando proben kasuan, gainera, Lea-Artibaiko lehen hiru sailkatuak ere sarituko dituzte.
Bestalde, kintxopekoetan, saririk jaso gabe gelditzen den probalariren batek irabazlearen markaren %60 egitenez gero, 300 euro jasoko lituzke. Zaldi- mandoen kasuan, ostera, irabazlearen markaren %70 egin beharko ditu 300 euroak jasotzeko.
KINTXOPEKO 24. SARIKETA:
- Otsailak 8, barikua (21:00)
- Agarre (Markina-Xemein)
- Erauzkin (Mañu)
- Garagartza Elkartea (Laukiz)
- Otsailak 9, zapatua (21:00)
- Ibekohondo (Aulesti)
- Aitor Alzaa (Aulesti)
- Fermin Santamaria (Guriezo)