Lea Artibai Ikastetxeak eta Basque Culinary Centerrek lankidetza proiektu bat egin dute
Lea Artibai Ikastetxeko hamar ikaslek eta Basque Culinary Centerreko 39 ikaslek elikagai berritzaileak sortzeko aholkularitza gastro-teknologikoan oinarritutako ariketa erreala egin dute.
Lea Artibai Ikastetxeko Elikagaien Industriako Prozesuak eta Kalitatea prestakuntza zikloko bigarren mailako hamar ikaslek eta Basque Culinary Centerreko Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetako Graduko Elikagaien Garapen eta Teknologia espezializazioko laugarren mailako 39 ikaslek egin dute ariketa. “Ikasleek produktu berritzaileen sorrerako aholkulari gisa bertatik bertara lan egiteko aukera izan dute”, esan dute Lea Artibai Ikastetxeko arduradunek.
Bi zentroen arteko lankidetza hitzarmenari esker, ikasleek iazko irailean hasi zuten proiektua, eta guztira zazpi saio egin dituzte; bi zentroetan lan egin dute. Besteak beste, ondoko elikagaien gastronomia eta teknologia aholkularitza zerbitzuan lan egin dute ikasleek: koji-hestebetea, tofu chips-ak, artisau ogia egiteko aurre-nahasketak, olo-algarroba bizkotxoa, landare natillak eta Tolosako babarrunekin egindako natto snakc-ak.
“Ikasleen artean elkarlanerako dinamika bat sortzea helburu hartuta, proiektua taldekako lanean oinarritu da, eta talde bakoitzean bi zentroetako ikasleek parte hartu dute”. Irailetik hona, ikasleek askotariko lanak burutu dituztela esan dute: osagai eta formulazio proposamenak aurkeztu, produktu berriak ekoizteko beharrezko metodologiei buruzko txostenak eta ebaluazio inkestak egin… “Azken finean, produktu berri edota berritzaileak sortzeko gastronomia eta teknologia ahokularitzarako elkarlaneko ariketa erreal bat egin dute ikasleek”.
Produktu bakoitzagaz eginbdako proiektuen defentsa ere egin zuten ikasleek urtarrilaren 31n, eta hori eginda proiektua bukatutzat eman zuten. Bi zentroek elkarlanaren balorazio positiboa egin dute. “Pozik gaude jasotako emaitzekin”. Gainera, etorkizunean ere elkarlanean aritzeko asmoa erakutsi dute.