Martxan dago Berriatuko II. Emakumeen Zesta Txapelketa
Guztira 18 bikote parte hartzen ari dira hiru kategoriatan banatuta. Laugarren jardunaldia jokatuko dute zapatuan.
Emakumeen Zesta Txapelketari jarraipena ematea erabaki dute Berriatuko Zesta Eskolak eta Berriatuko Udalak. Bakarrik emakumeek jokatzen duten lehenengo txapelketa eratu zuten iaz, eta aurten bigarren norgehiagoka antolatu dute. Iaz bezala, adin guztietako pilotariak aterako dira Mendibarren frontoiko kantxara. Laugarren jardunaldia izango dute asteburu honetan pilotariek. Zapatuan [otsailak 9] jokatuko dira partiduak, 16:30etik aurrera.
Guztira 18 bikote parte hartzen ari dira urtarrilaren erdi aldera abiarazi zuten txapelketan. Hiru kategoriatan banatuta ari dira jokoan. Gorengo mailan zortzi bikote neurtuko dira, bi taldetan banatuta, A eta B. Lehenengo ligaxkak jokatuko ditu talde bakoitzak, gero, aurrean gelditzen diren talde bietako bikoteen arteko norgehiagokak jokatuko dituzte. Bigarren eta hirugarren kategorietan, ostera, bosna bikote daude bakoitzean, eta talde bakarra egonik, kategoria batean zein bestean, denek denen kontra jokatuko dute.
Gorengo mailako B taldean Herrialde Katalanetako bikote bi daudela jakitera eman dute antolatzaileek, Carla-Ainara eta Gisela-Mariona pilotariek osatutakoak. “Berriatuan igaro zuten urtarrileko azken asteburua, topaketetan parte hartu ahal izateko”. Euskaldunei dagokienez, ondoko herrietakoak dira pilotariak: Gasteiz, Tolosa, Donostia, Zumaia, Mutriku, Markina-Xemein, Durango, Berriatua, Zamudio eta Sopela.
Urtarrilean eta otsailean kanporaketa partiduak jokatu eta gero, martxoaren 8aren bueltan erabakiko da II. Nesken Zesta Txapelketaren finala Berriatuko Mendibarren frontoian.
Asteburu honetan zazpi partida jokatuko dituzte pilotariek:
- Ane (Mutriku)-Izaro (Markina-Xemein)/ Mara (Mutriku)-Yanis (Markina-Xemein).
- Malen-Amaia (Markina-Xemein)/Mara (Mutriku)-Yanis (Markina-Xemein).
- Malen-Amaia (Markina-Xemein)/Ane (Mutriku)-Izaro (Markina-Xemein).
- Elaia (Berriatua)-Olaia (Mutriku)/Miren-Maddi (Markina-Xemein).
- Helena (Durango)-Elaia (Berriatua)/Lur-Burne (Markina-Xemein).
- Eneritz (Mutriku)-Naia (Berriatua)/Maite (Gasteiz)-Naroa (Donostia).
- Ihart (Sopela)-Izaro (Markina-Xemein)/Maialen (Berriatua)- Arai (Markina-Xemein).