Auzipetu katalanei babesa adieraziko diete Lea-Artibain
Aulestin eta Lekeition elkarretaratzeak egingo dituzte, eta Ondarroan elkartasun argazkia aterako dute.
Martitzenean hasiko da Madrilen (Espainia) Kataluniako politikari eta gizarte mugimenduetako buruzagi independentisten aurkako epaiketa. Gure Esku Dago dinamikak salatu duenez, «erabakitzeko eskubidearen aurkako epaiketa bat» izango da. Horregatik, mobilizazioak antolatu dituzte hainbat herritan, eta manifestazioa deitu dute domekarako. Manifestazioa Donostiako Katalunia plazatik abiatuko da, 12:00etan, eta bat egingo duten herritarrei jantzi, xingola eta bestelako elementu horiak eramatea eskatu diete.
Martitzenean, baina, elkarretaratzeak egingo dira; 20:00etan Bizkaiko hiriburuan, eta 19:00etan gainerakoetan. Lea-Artibai eskualdeari dagokionez, Lekeition udaletxeko eskaileratan batuko dira, 19:30ean. Aulestin, ostera, 20:00etan egingo dute elkarretaratzea, plazan. Ondarroako GEDk, bestalde, 13:30ean, Antiguako Ama kalean dagoen GEDren lokalaren aurrean batzeko deia egin du. Elkartasun argazkia aterako dutela jakitera eman dute, auzipetu katalenanei babesa azaltzeko.