Lekeitioko Trinketeko Beteranoen Esku Pilota Txapelketako finalistak erabakita daude
Datorren domekan [otsailak 17] jokatuko den ligaxkako azken partidan Jaunarena-Foster eta Beraza-Telleria bikoteak neurtuko dira.
Beteranoen Lekeitioko Trinketeko Esku Pilota Txapelketa finalaurrekoetara hurreratzen ari da, eta jadanik, bertan egongo diren bikote guztiak erabaki dira. Astigarragak eta Gandiaga II.ak oraingoan ere ez dute hutsik egin, eta txapelketa osoan partidarik galdu barik igaro dira azken txanpara. Joko handia erakusten ari dira bai eta Pradera eta Gandiaga I. ere. Partida bakarra galdu dute, Astigarraga eta Gandiaga II.aren kontrakoa, eta finalaurrekoetan egoteko aukera irabazi dute.
Datorren domekan [otsailak 17] jokatuko den ligaxkako azken partidan Jaunarena-Foster eta Beraza-Telleria bikoteak neurtuko dira. Biak daude finalaurrekoetarako sailkatuta, hala ere, 3. eta 4. postua izango dute jokoan, eta beraz, partida interesgarria izango dela aurreikusten dute antolatzaileek. Bikote biek bi partida irabazi dituzte ligaxkan eta sailkapenean berdinduta daude. “Jaunarena nafarra bere jokoa egiten saiatuko da, naiz eta Beraza elgoibartarra ofizio handiko jokalaria izan. Atzean, Telleria txapelduna, bere nagusitasuna erakusten saiatuko da, baina Foster txapelketa oso ona egiten ari da, eta eusten badio, partidua zaildu ahal dio faboritoari”. 10:30ean jarriko dira bikoteak aurrez aurre.
Txapelketatik kanpora. Partida politak ikusi ahal izan ziren atzo [otsailak 10] ere, Lekeitioko trinketean. Astigarraga-Gandiaga II eta Bastida-Conde bikoteen arteko neurketan, bigarrenek zeukaten garaipenaren premia handiagoa. Bastidak eta Condek partida irabazi beharra zeukaten, finalaurrekoetan egoteko aukera izateko. Momentu batzuetan aurretik ere ibili ziren, baina 7-7ko berdinketaren ostean, Astigarragak eta Gandiaga II.ak aurrea hartu eta nagusitasunez heldu ziren 30-15 eko emaitzara. “Astigarraga naiz eta ondoezik egon, gehiago izan da aurrean, eta Bastidak ezin izan du tantorik egin”. Gainera, galtzaileek pilota biziagaz jokatzea erabaki zuten, eta erabaki hori mesedegarri izan zen irabazleentzako.
Atzoko bigarren partidua, Pradera-Gandiaga I eta Moral-Egaña bikoteen artekoa, ere orekatua izan zen hasieran. Tanto politak egin zituen Moralek, eta norgehiagoka itzela eduki zuten atzean Gandiaga I.ak eta Egañak. Hala, 13 tantotara berdindu zuten markagailua. Hortik aurrera, baina, Pradera jokoan sartu eta pilotak maisutasunez sarera bideratuz, partida euren alde jarri zuen 30-18 irabaziz.