2019ko aurrekontuek ezadostazuna eragin dute Markina-Xemeingo udalbatza osatzen duten bi alderdien artean
Herriko kultur eta kirol taldeei eta Gaztelekuaren proiektuari bideratuko zaizkien diru kopuruen artean desoreka bat ikusten dutela jakitera eman zuten jeltzaleek.

2019ko udal aurrekontuak eztabaida eragin dute aurten, udal gobernu taldearen eta opozisioaren artean. Azken lau urtetatik bitan adostasunez onartu dituzte aurrekontuak, baina, oraingoan, udalbatza osatzen duten bi alderdiak ez dira bat etorri.
Herriko kultur eta kirol taldeei eta Gaztelekuaren proiektuari bideratuko zaizkien diru kopuruen artean desoreka bat dagoela uste dute jeltzaleek, hau da,taldeei zuzendutako kopurua txikia dela Gaztelekuari edo Olgetani zuzendutakoagaz alderatuta. Proiektuagaz guztiz ados daudela azpimarratuz, ezezkoa bozkatu dute. «21 talde daude herrian, eta horiei guztiei ematen zaien kopurua proiektu bi horiei ematen zaiena baino txikiagoa da. Eskolarteko Guraso Elkarteen Federazioak, esaterako, 320 umeren kirol aisialdia kudeatzen du urte osoan, eta ematen zaion diru laguntza ez da nahikoa».
Idatzia. Gaztelekuaren proiektuaren nondik norakoak eta finantziazioa azaltzeko, idatzi bat kaleratu du Juanjo Txurruka alkateak. Belaunaldiz belaunaldi, umeak nerabezarora heltzean herriko gizarte eta kirol arloko ekintzetan parte hartzeari uzten diotela eta gero eta zailagoa izaten dela holakoetara erakartzea azaldu du. «Horri gehitu behar zaizkio adin tarte horrek berezkoak dituen ohitura eta portaerak, ez betiere egokienak, eta kudeatzen zailak direnak».
Udala nerabe batzuen gurasoekin bildu zen orain dela urte batzuk arrazoiak atzertu eta balizko irtenbideak aurkitzeko.
Horregaz kezkatuta, udala nerabe batzuen gurasoekin bildu zen orain dela urte batzuk arrazoiak atzertu eta balizko irtenbideak aurkitzeko. «Hori zen asmoa, baina baita abiapuntua izatea ere herriko guraso guztiekin prozesu bat zabaltzeko, atzetik zetozen nerabe eta aurre-nerabeen belaunaldi berriei bidea egiten lagundu ziezaiekeena, euren motibazioa eta interesak pizteko mekanismoak jarrita».
Alderatu ezinak. Alkateak azaldu duenez, ordutik, etengabeko harremanetan egon dira herriko guraso elkarteekin, bai eta ere beste herri batzuetan garatutako proiektu berdin-berdinetan parte hartu izandako hainbat pertsona eta enpresa esperientziadunekin, «eta egindako guztia denon adostasunez eta elkarlanean egin izan da».
Gaztelekuarentzat bideratu duen dirua erabat justifikatuta dagoela esan du udalak lortu nahi diren helburuekin.
Gaztelekuaren proiekturako eta herriko kultur eta kirol elkarteentzat izendatutako diruak ezin direla alderatu dio Txurrukak, «Gazteleku proiektuaren helburuak eta garrantzia beste batzuk direlako, inori bereak ukatu barik». Gazteleku proiektua osagarria dela zehaztu du, baina beste helburu maila batean dagoela dio. «Herriko kultur eta kirol taldeek jada egiten duten lanetik haratago heldu nahi du. Aitortu beharra dago elkarte horiek guztiek egiten duten lan hori txalogarria dela, benetan; baina, errealistak bagara, ez da nahikoa izaten ari arazo jakin batzuei aurre egiteko, kudeatzen batere errazak ez diren arazoak direlako».
Proiektuan parte hartzen duten gurasoek hala agertuta, eta konpontzen zaila den arazo bati aurre egin nahian, baliabide batzuk jartzea erabaki dutela jakinarazi du alkateak, eta kudeaketa maila desberdinak aztertu ostean, nerabeak baino nagusitxoagoak diren herriko gazteak izatea egitasmoan bidelagun erabaki dute, nerabeen iniziatiba, erantzukizuna eta autogestioa pizteko gai izan litezkeen gazteak. «Gaztelekuarentzat bideratu duen dirua erabat justifikatuta dago lortu nahi diren helburuekin, eta udalak ez du nahi, inola ere, inork polemika interesaturik sortzerik konparagarri ez baizik eta osagarri diren gaien artean».