Aldundiak baieztatu egin du Armintxen ura 15 metroraino heltzen dela
Hasiera batean aldundiak zioen ura ez zela horrenbeste igotzen, eta grabatuak ez zirela ur azpian geratzen. Orain, aldundiak argiratzen duen Arkeoikuska aldizkarian jaso dute ADES espeleologia taldeko kideek hasiera-hasieratik esaten zutena.

Lekeitioko Armintxe kobako grabatu multzoa galtzeko arriskua “handia” dela esan du behin eta berriz ADES espeleologia taldeak. Aldundiak, ostera, “dena kontrolpean” dagoela esan du behin baino gehiagotan. Orain, baina, Arkeoikuska aldizkarian jaso dute euri asko egiten duenean gutxienez ura 15 metroaino ailegatzen dela.
ADESekoek diotenez, 15 metroko altuera horretan hasten da Galeria Nagusia. “Beraz, Galeria Nagusiaren azpitik dauden grabatuak urpean geratzen dira”. Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputatuak azaroan esan zuen azkenengoz urak ez zituela grabatuak kaltetzen; Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian egin zituen adierazpenak.
Argitalpenean jasotako informazioaren arabera, ADESekoek diote “argi dagoela” bere garaian aldundiari jakinarazitako grabatu batzuen lokalizazioa ez dutela oraindik ezagutzen. “Kobaren lehengo eta oraingo geomorfologiari dagokionez ere despistatuta dabiltzala ondorioztatze dugu”.
ADESekoek berriro esan dute aldundiak asko aurreratuko lukeela euren lantaldeak kobaren hidrogeologia ikertzen ari direnekin elkarlana egingo balu. “Aldundiko Kultura Sailak profesional eta amateur kontzeptuak gainditu behar ditu”.
Armintxen gertatzen dena Kultura Sailaren esku badago ere, Eusko Jaurlaritzaren beste sail batzuk ere (Kultura Saila, Ingurumen Saila, Azpiegitura eta Obra Publikoen Saila…) zeresana daukatela gaineratu dute ADESekoek. “Berandu baino lehen heldu behar diote uholdeen gaiari; arazo burokratikoek ezin dute gaia atzeratu”.