Asteburu borobila izan dute Tximista atletismo taldekoek
Modalitate desberdinetako Euskadiko eta Espainiako txapelketetan parte hartu dute, eta horietan lortutako emaitza "ederrak" nabarmendu dituzte taldeko arduradunek.
Espainiako eta Euskadiko hainbat atletismo txapelketa lehiatu dituzte asteburuan, eta Tximista Atletismo taldeko ordezkaritza zabalak parte hartu du horietan. “Asteburu ederra Tximista Atletismo Taldearentzako. Txapelketa ezberdinetan izan dira atletak eta emaitza ederrak lortu dituzte”, adierazi dute Lekeitioko taldeko arduradunek.
Pista estaliko Euskadiko Txapelketa jokatu zuten Donostiako Anoetako Belodromoan, eta Tximistako gazteek lortutako “marka bikainak” azpimarratu dituzte klubeko kideek. Hain zuzen, Irati Iriondo Erkiagak, absolutu mailan, Espainiako Txapelketa lehiatzeko gutxieneko marka lortu zuen (25.56ko denbora egin zuen 200m-ko proban). Ondorioz, asteburu honetan (otsailak 16 eta 17) Antequeran (Andaluzia, Malaga) izango da atleta hoberenekin borrokan. Halaber, Ines Lauzirikak ere lan ederra egin zuen, eta Espainiako txapelketan parte hartu ahal izateko gutxi falta izan zitzaion. Zehatz esateko, jauzi hirukoitzean 11,21m-ko marka egin zuen (bere marka hobetuz), eta Espainiako txapelketara pasatzeko 4zm falta izan zitzaizkion.
Ainara Plaza, Naiara Virto, Oihane Alejandrek eta Alaine Imazek ere Euskadiko txapelketan parte hartu zuten, eta Imazek, esaterako, altuera jauzian marka ederra lortu zuen (1,50m).
Bestalde, Markel Arano Espainiako Kros Txapelketan aritu zen lehian, Santanderren (Kantabria, Espainia). Taldekako proban podiumean sartu zen; brontzezko domina lortu zuten, eta bakarkakoan hemeretzigarren postuan sailkatu zen.