Berrikuntza Pedagogikoko sarietan finalista gelditu da Lekeitioko Eskola Publikoa
Haur Hezkuntzako jolastokian, 0-6 urte bitartekoan, egin duten birmoldaketa izan da lehiaketara aurkeztu dutena. Botuak behar dituzte orain, azken pausoa emateko.
Bostehun ikastetxe baino gehiagok parte hartu dute Espainiako estatu mailan lehiatzen den sariketan, eta beste seirekin batera finalera ailegatu da Lekeitioko Eskola Publikoa. Haur Hezkuntzako jolastokian, 0-6 urte bitartekoan, egin duten birmoldaketa izan da lehiaketara aurkeztu dutena. Sariketa horretan modalitate desberdinak hartzen dituzte kontuan, eta Lekeitioko Eskolak Espazioen Birmoldaketa atalean parte hartu du.
Xabier Iturbe Lekeitioko Eskola Publikoko zuzendariak azaldu duenez, ez da ohikoa izaten eskola horrelako lehiaketetara aurkeztea, baina justu haur hezkuntzako jolastokiari beste itxura bat ematen ari zirenez, animatu egin dira. “Gurasoak inplikatu genituen proiektura, eta ideia bila ibili gara leku askotan. Denen artean egituratutako jolastokia aurkeztu dugu”.
Gehienetan apur bat baztertuta egoten den espazio batetan oinarritu direla argitu du Iturbek: “Jolastokia Berrikuntza Pedagogikoagaz lotzen dugu. Uste dugu jolastokiak erabili izan direla pixka bat lasaitoki modura, geletan lan egin eta lan horren lasaialdi modura. Guk horreri buelta nahi diogu eman, uste dugu jolastokia umeak ikasteko leku bat izan ahal dela”.
Azken pausoa falta zaie orain. Hau da, Sariketaren webgunean sartu eta nahi den esperientzia hezitzaileari botoa eman ahal zaio, eta beraz, botuak batzen ari dira.
Urteetako prozesua. Jolastokien eraldaketagaz aspaldi hasi zen Lekeitioko Eskola. Nagusien jolastokiarekin ekin zioten aldaketari. Hezkidetzaren ikuspegitik ikusten zuten mutilek beti hartzen zituztela jolastokien zatirik handienak futbol zelaiak modura, eta neskak bazterrean gelditzen zirela. Horri buelta bat emateko, jolas kooperatiboak atera eta eskolako hiru jolastokietatik bat baloi bako gune bihurtu zuten esate baterako. Iaz, gainera, beste eraldaketa bat egin zuten arkitekto talde bategaz. Elkartoki programan parte hartu zuen eskolak eta eskolaren inguruko eragile guztiek parte hartu zuten prozesu horretan: ikasleak, irakasleak, familiak…
Aurtengo ikasturte hasieran egitasmoa txikien patiora eraman dute. Eskolako zuzendariak jakitera eman duenez, txikien patioan, orain arte, beste edozein parke edo eskolatan ikus daitekeen bezalako ziburu handi bat eduki dute. “Hor umeak egiten dute igo eta bajatu, igo eta bajatu, igo eta bajatu, eta guk askoz ere erakargarriago den patioa nahi genuen”. Horretarako, gune handi bat ipini dute hondarragaz, beste gune bat egurrekin, beste gune bat harriekin, beste gune bat berdea da, beste gune batean ortua egin dute, beste gune batean rokodromo txikitxo bat, beste gune batean ura ipini dute, enborrak, menditxoak… “Daukaguna aprobetxatu eta asfaltoa jan eta horren ordez beste mila gauza jarri dira. Ez dauka zerikusirik orain arte eduki dugunarekin. Horixe izan da guk aurkeztu duguna, jolastoki bat aniztasuna kontutan hartzen duena, inklusioa, kulturartekotasuna, hezkidetza, jasangarritasuna, elementu naturalak erabili dira, beste ikuspegi bat”.