Beti Lagun proiektua aurkeztuko dute Lekeition
Beti Lagun proiektuak nagusiek izan dezaketen bakardade edota isolamendu egoera arintzea du helburu, eta proiekturako boluntarioak lortu nahi dituzte egitasmoaren sustatzaileek.
Caritasek eta Lekeitioko Udalak pertsona nagusiei begira abiarazi duten Beti Lagun kanpaina aurkeztuko dute eguenean [otsailak 14], 18:00etan, Azkue aretoan. Beti Lagun proiektuak nagusiek izan dezaketen bakardade edota isolamendu egoera arintzea du helburu, eta proiekturako boluntarioak lortu nahi dituzte egitasmoaren sustatzaileek.
Azaldu dutenez, bide-laguntza edo konpainia egiteko modu tradizionalaz gain, telefono bidezko esperientzia pilotu bat garatuko dute. “Beharrizan afektiboei eta harremanak izateko beharrizanei erantzuna eman nahi diegu; gizarte baliabideak erabiltzen eta inguruarekin erlazionatzen lagundu, baina horretarako boluntarioak behar ditugu”.
Jakitera eman dutenez, une honetan ez dago boluntario nahikorik bide-laguntzaren beharrak betetzeko; hori dela eta, udalak eta Caritasek proiektuari bultzada bat eman nahi izan diote. “Herriko nagusi batekin printzipioz astean pare bat ordu emateko prest dagoen jendea erakartzea da helburua. Bide-laguntza etxean bertan zein kalean, paseo bat eman, kafea hartu… edota telefono bidez eman daiteke, nagusiak nahi duenaren eta boluntarioak duen astiaren arabera”. Proiektuan parte hartzen duten herritarrek, uneoro, Caritasen aholkularitza izango dutela zehaztu dute.
Proiektuari buruzko informazio gehiago jaso nahi dutenek Udaleko Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jar daitezke 94 603 41 00 telefono zenbakira deituta edo agurtzane-ongintza@lekeitio.eus helbidera idatzi edo Caritasekin zuzenean harremanetan jarri 688 84 40 27 edo 94 402 00 74 telefono zenbakietara deituta edota asuso@caritasbi.org posta elektronikora idatzita. Hala ere, egueneko aurkezpenean zalantza guztiak argituko dituztela zehaztu dute.