Lea-Artibai eta Debabarrena, Euskaraldian parte hartze handiena eduki duten hamabost eskualdeen artean
Debabarrenan 8.089 parte hartzaile zenbatu dituzte (10. postua), eta Lea-Artibain 4.443 (14. postua).
2018ko Euskaraldiak emandakoa datuetan kaleratu dute. Txostenean askotariko puntuak aztertu dituzte, eta Lea-Artibai eta Mutriku (Debabarrena) zerrendetako lehen postuetan kokatu dituzte. Oro har, Euskaraldian 225.154 lagunek parte hartu zuten, eta parte hartzaile gehien egon diren hamabost eskualdeen artean daude Debabarrena (10. postuan) eta Lea-Artibai (14. postuan); Debabarrenan 8.089 parte hartzaile zenbatu dituzte, eta Lea-Artibain 4.443.
Parte hartzaile guztien artean, 164.000 herritarrek ahobizi rola hartu zuten (%72,8). “Nagusitasun hori oso agerikoa da Lea-Artibain, Aralarko iparraldean, Baztanaldean edo Urola Kostan”; Lea-Artibai ahobizi gehien egon diren hamabost eskualdeen artean dago (%88,6 –lehenengo postua–).
Belaunaldien araberako sailkapena eginez gero, 16-44 urte bitarteko parte hartzaile gehien eduki duten hamabost eskualderen artean ez daude ez Lea-Artibai ez eta Debabarrena. Baina 45-59 urte bitarteko parte hartzaile gehien eduki dutenen artean bai badaude: Lea-Artibai zazpigarren postuan dago (%29,2), eta Debabarrena hamahirugarren (%28,7). Bi eskualdeek postu berak mantentzen dituzte 60 urtetik gorako parte hartzailetan ere.
Erdal hiztunen gaineko hedadura handieneko hamabost eskualdeen artean daude baita ere Lea-Artibai (1. postuan) eta Debabarrena (7. postuan)