Sudan izango dute hizpide Aulestiko 'Herritarrak munduan barrena' saioan
'Herritarrak munduan barrena' zikloak egiten dituzte Aulestin, eta bariku honetan (otsailak 15), Iñaki Aranguena aulestiarrak iazko Aste Santuko oporraldian Sudanen bizitako esperientzia kontatuko du.
Bidaiaz bidaia ikusitakoa eta ikasitakoa konpartitzearen garrantzia laburbiltzen du Aulestiko Herritarrak munduan barrena zikloak. Trolebu elkartearen eskutik, urtean zehar hainbat saio egiten dituzte herritarrek munduko txoko anitzetan bizitako esperientziekin. Oraingo honetan, Sudanera (Afrika) bidaiatzeko aukera izango dute une batez.
Iñaki Aranguena K.Ko aulestiarrak Baltzen herrialdea Sudan izenburupean gidatuko du saioa barikuan (otsailak 15), 20:00etan hasita. Ohi legez, udal liburutegian egingo dute solasaldia.
Iazko Aste Santuan hamar egun egin zituen bertan, eta argazkiez lagunduta han bizitakoaren erradiografia eroango du. Hiri inperiala, Bayudako basamortua, Atrungo kraterra, Juba (hiriburua)… hamaika leku ikusgarritan egon ziren, eta han egindako ibilbideari jarraipena eginez gidatuko du saioa. Batik bat Nubiako eskualdeko txokoetatik ibili zen, hiriburutik iparralderuntz.
Antolatutako bidai batean joan zen Sudanera, eta nondik nora ibili ziren, hango herritarrak zelakoak diren edota zelako herrialdea den azalduko du. Aurretik Maroko eta Tunisian egona zen, baina, Sudanek liluratuta utzi zuela aitortu du. “Bidaian ikusitako gauzarik politena basamortua izan zen. Izugarria da. Hala, bertan bizi direnen bizimoduak, harritu gintuen; sinistu ere ezin da egin. Miseria gordinean bizi dira. Bizimodu harrigarria da”. Joan aurretik herrialdeari buruzko informazioa topatzea asko kostatu zitzaiola gogora ekarri du, “dokumentazio lana” ez zela erraza izan. “Bidaiatu aurretik noan lekuari buruz dokumentatuta joatea gustatzen zait. Gaztelaniaz ia ez dago ezer, eta ingelesez ere ez dago askorik”.
“Antolatutako bidaian joan nintzen. Norbere kontura joateko denbora pila bat eta diru asko behar duzu; oso garestia da”, zehaztu du Aranguenak. Gaur egun Afrikako hirugarren estatu handiena da Sudan; orain dela hamar urte handiena zen: “Herrialdea banatu ostean, ere hirugarren estatu handiena da. Ikaragarria da”.