Urtarrilean Lea-Artibaiko 84 herritarrek erabili dute hondakin bereziak batzeko puntu mugikorra
Lea-Artibaiko Amankomunazgoak urtarrilean ipini zuen herriz herriko zerbitzua martxan. "Zerbitzuak harrera aparta eduki du".
Hondakinen sailkapenean pauso bat gehiago emateko asmoz, Lea-Artibai Amankomunazgoak estreinako abiarazi zuen zerbitzu berria urtarrilean. “Lehen aldia da ekimen hau martxan jartzen dela, eta harrera aparta eduki du”, azaldu du Rakel Elu Bengoetxea Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakariak. Guztira 84 herritarrek erabili dute zerbitzua, eta denetariko hondakinak eraman dituztela esan dute: bonbonak, pintura poteak, pilak, gailu elektronikoak, CDak edo aerosolak.
Herriz herriko erabileraren datuak dira ondokoak:
- Ispaster: 16
- Etxebarria: 3
- Lekeitio: 19
- Markina-Xemein: 11
- Ziortza-Bolibar: 8
- Ondarroa: 27
Puntu mugikorraren ezarpena hondakinen sailkapenerako “aurrerapauso ikaragarria” izan dela azpimarratu dute Eluk. “Izan ere, orain, amankomunazgoa etxebizitza batean sortu daitezkeen hondakin guztiak kudeatzeko gai da”.
Herritarrei zerbitzuaren inguruko informazioa emateaz gain, egutegia eta pegatinak ere banatu ditu amankomunazgoak. Horrela, herritarrek aurretiaz dakite zerbitzua noiz egongo den euren herrietan. “Herritarrek puntu mugikorra dagoen edozein herritan bota ahal dituzte hondakinak”.