Euskara ikasleei diru laguntzak emateko prozedura arautu du Ziortza-Bolibarko Udalak
Onuradun bakoitzak, gehienez 150 euro jasoko ditu. Udalerrian erroldatutakoek jaso ahal dute laguntza, eta egindako ikasketak edo ikastaroak HABEk homologaturiko euskaltegi publikoetan zein pribatuetan eginak izan behar dira.
2018-2019 ikasturtean euskara ikasketak edota ikastaroak egiten ari direnei laguntza ematea erabaki du aurten ere Ziortza-Bolibarko Udalak. Eta horretarako diru laguntzak emateko prozedura arautu eta onartu dute.
500 euroko partida gorde dute, eta onuradun bakoitzak, gehienez 150 euro jasoko dituela zehaztu dute.
Eskaera egiteko agiria zein laguntzei buruzko informazioa udal bulegoetan eta udaleko webgunean (www.ziortza-bolibar.eus) eskuratu ditzakete herritarrek. Eskabideak Ziortza-Bolibarko Udal Erregistroan aurkeztu behar dira. Astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara bitartean utzi daitezke.
Eskabideak aurkezteko epea azaroaren 8an bukatuko da. Hala, prozedura amaitu, ebatzi eta jakinarazteko epea azaroaren 31n amaituko da.
Eskaera orriagaz batera, eskatzaileak NANaren fotokopia eroan behar du. Adin txikikoen kasuan, eskaera gurasoren batek edo tutoreak egin beharko du, familia-liburua aurkeztuta.
Euskaltegiak egindako ziurtagiria aurkeztea ere beharrezko da. Horretan, matrikula gisa ordaindu den zenbatekoa, egindako maila edo mailak eta horiek gainditu diren ala ez, eta ikastaroan emandako orduak eta ikasleak jaso dituenak zehaztuta egon beharko dira. Izan ere, diru laguntza jaso ahal izateko, gutxienez, ikastaro orduen %85a bete duela egiaztatu beharko du eskatzaileak.
Halaber, aurkeztutako eskabide edo dokumentazioan akatsak egon edota zerbait falta izatekotan, eskatzaileari jakinaziko diote, eta hark bi laneguneko epea izango du huts horiek zuzentzeko.
Baldintzak. Onuradun izateko gutxienezko baldintzak betetzea eskatu dute. Ziortza-Bolibarren erroldatuta dauden pertsonek jasoko dute laguntza, eta egindako ikasketak edo ikastaroak HABEk homologaturiko euskaltegi publikoetan zein pribatuetan eginak izan behar dira.
Urte osoko ikastaroetan nahiz aurtengo uztailean, abuztuan edo iraileak egindako ikastaro trinkoetan edota barnetegietan parte hartuko duten herritarrek jaso dezakete laguntza. Barnetegietako ikasleei dagokionez, soilik matrikula gastuetarako jasoko dute laguntza.
Ikastetxeek edo guraso elkarteek eskolaz kanpoko jarduera moduan antolatutako euskara ikastaroak egiten dituztenek ezingo dute diru laguntza eskatu.