Euskarazko filmak emango dituzte Munitibarren, hileko azken barikuetan
Euskara Batzordeak osatzen duen egitarauaren berritasuna da, eta animaziozko pelikula eskainiko dute lehen saioan. Bestalde, Irakurketa Txokoagaz datorren astean hasiko dira.
Munitibarko Euskara Batzordeak berritasun nagusi bategaz hasi du 2019.urtea. Izan ere, urteko ekintzen artean, zazpigarren artera jauzia egitea erabaki dute. Beraz, hileko azken barikuetan euskarazko pelikulak eskainiko dituzte.
Barikuan (otsailak 22) egingo dute lehen saioa; 18:00etatik aurrera, Ballerina (2016) animaziozko filma emango dute udal areto nagusian. Felicia izeneko umezurtz neskatila ausarta da protagonista. Dantzari bilakatzea da bere ametsa, eta egia bihurtzeko bidean bere lagun min den Victorren laguntza izango du. Gazte asmatzaile honekin Feliciak abentura zirraragarriak biziko ditu Paris hiriburu magikoan.
Momentuz lau data zehaztu dituzte; hurrengo emanaldia martxoaren 29an izango da eta apirilaren 26an eta maiatzaren 31an eskainiko dituzten pelikulak ere erabaki dituzte. Emanaldi guztiak udal aretoan izango dira, 18:00etan.
Irakurketa sustatuz. Bestalde, euskal literatura ezagutara eman eta herritarren artean euskaraz irakurtzeko ohiturak landu eta sustatu asmoz, Irakurketa Txokoa egitasmoa martxan jarri zuen Euskara Batzordeak 2017an eta aurten ere jarraipena izango du.
Urte osoko datak eta liburuak zehaztu dituzte. Solasaldi guztiak 19:00etan egingo dituzte liburutegian.
Lehen saioa martxoaren 1ean egingo dute, eta Joxean Agirre idazle azpeitiarraren Ispiluak eta itsasoak (Elkar, 2018) eleberria izango dute hizpide. Dekadentzian datorren dandy aristokratiko baten eta neska gazte baten arteko harremana kontatzen du.
Betiko moduan, liburua irakurri eta solasaldian parte hartu nahi dutenek liburutegian eskatu behar dute.
Lehenengo deialdiko solasaldia idazle gabe egingo badute ere, beste deialdi batzuk idazlearekin egingo dituztela aurreratu dute.
IRAKURKETA TXOKOAREN DATAK:
- MARTXOAK 1
Liburua: Ispiluak eta itsasoak (Elkar, 2018)
Idazlea: Joxean Agirre - MAIATZAK 17
Liburua: Ez naiz ni (Elkar, 2012)
Idazlea: Karmele Jaio - EKAINAK 27
Liburua: Igelak benetan hiltzen dira (Elkar, 2011)
Idazlea: Iñaki Irasizabal - IRAILAK 20
- Liburua: Argiaren alaba (Elkar, 2015)
Idazlea: Yolanda Arrieta - URRIAK 25
Liburua: Amek ez dute (Elkar, 2018)
Idazlea: Katixa Agirre - ABENDUAK 13
Liburua: Udazkeneko lorea (Elkar, 2012)
Idazlea: Xabier Etxeberria