Lea-Artibaiko atletek sei podium lortu dituzte Euskadiko jaurtiketa luzeen txapelketan
Euren kategorietan Euskadiko Txapeldun geratu dira Durango Kirol Taldean eta Tximista atletismo taldean ari diren kirolariak.

Euskadiko Atletismo Federazioak antolatutako Euskadiko jaurtiketa luzeen txapelketa lehiatu zen zapatuan [otsailak 17] Gasteizen, 16 urtez azpiko, 18 urtez azpiko eta 20 urtez azpimo mailetan, eta Lea-Artibaiko atletak marka ikusgarriak lortu zituzten bertan. Euren kategorietan Euskadiko Txapeldun izan ziren euretako lau.
Durango Kirol Taldeko Sarai Larrinaga Lejardi etxebarritarrak disko eta xabalina probak irabazi zituen kadete mailan. 29,59 marka egin zuen Larrinagak 800 gramoko disko jaurtiketan eta 25,45 markagaz gailendu zen 500 gramoko jabalina jaurtiketan.
Talde berean dagoen Igor Jaio Bustindui aulestiarrak ere podiumera igotzea lortu zuen. 45,08 marka eginez hirugarren gelditu zen Jaio infatil mailako xabalina proban.

Aiora Agirregomezkorta Gandiaga podiumaren gorenean. Argazkia: Tximista
Lekeitioko Tximista atletismo taldeko kirolariak ere garaipenekin itzuli ziren etxera. Aiora Agirregomezkorta Gandiaga junior mailako xabalina txapelketako irabazlea izan zen, eta Amets Amutxastegi Maguregi eta Irati Maguregi Elejalde mailu jaurtiketan nagusitu ziren kadete eta gazte kategorietan. Maite Goitia Martinezek ere emaitza ona lortu zuen, azpitxapeldun geratu zen junior mailako disko jaurtiketan.